Itxi

Beste kirolak

EHF Europako Liga

Bidasoak Limoges menderatu du Artalekun (35-30), eta EHF Europako Ligako final laurdenetarako sailkatu da

EITB MEDIA

Irungo taldeak, bigarren zati bikaina eginda, behar zuen garaipena eskuratu du, eta txapelketako final laurdenetarako sailkatze zuzena bereganatu; izan ere, matematikoki lortu du Bidasoak bere multzoko lehen postua.

  • Neurketa bukatuta, Bidasoak biziki ospatu du helburua gauzatu egin duela. Argazkia: EITB Media.

    Neurketa bukatuta, Bidasoak biziki ospatu du helburua gauzatu egin duela. Argazkia: EITB Media.

Bidasoa Irun 2024-25 denboraldiko EHF Europako Ligako final laurdenetarako sailkatu da, astearte gauean. Irungo taldeak Limoges 35-30 mendean hartuta lortu du kanporaketa horretarako txartela, txapelketako Main Round faseko hirugarren jardunaldian, 2. multzoan, Artalekun. Bidasoak, arratsaldean Ystadsek Benfica 37-33 menderatuta, Limogesen aurka gutxienez bi goleko aldeaz irabazi behar zuen, alegia, multzoko lehen postua eskuratzeko aukera zuen beste taldearen kontra; bada, Alex Mozasen gizonek partida ederra eginda gauzatu dute helburua. Neurketan, Bidasoak bigarren zati ikusgarria egin du, eta festak eztanda egin du harmailetan, Irungo taldeko zaleen artean.

Hala, Irunen, Artaleku bete duten zaleek ezin izan dute ikusi, lehenengo zatian, Bidasoarik onena; baina Alex Mozasen gizonek indartsu borrokatu dute, eta ez diote aurkariari inolako abantailarik eman. Limogesek hartu du aurrea markagailuan, gehienez hiru goleko aldea izan duela (6-9, 7-10, 8-11), baina Irungo taldeak ondo erantzun du, eta, lehen zatiko azken minutuetan, aurretik jarri da. Atsedenaldian, partida berdinduta zegoen, 15-15. Gorka Nieto izan da Bidasoaren erasoko baliabiderik eraginkorrena, lau gol sartu baititu lehen 30 minutuetan; gerora, kapitaina lesionatu egin da.

Bigarren zatian, Bidasoak modu ikusgarrian jokatu du. Hasieratik, Gipuzkoako taldeak are gehiago estutu du defentsan, oso sendo aritu da erasoan, eta, bikain jokatuz, gero eta handiagoa egin du aldea markagailuan, Artalekuko zaleek ezin hobeto bultzatuta, gainera. Bidasoak ospatu egin du, pistan eta harmailetan, partida amaitu aurretik ere, bertako taldeak egindako balentria, alegia, final laurdenetarako sailkatzea.

Fitxa teknikoa

35 – Bidasoa Irun: Leo Maciel, Failde (atezainak), Furundarena, Esteban Salinas (2), Rodrigo Salinas (7, 2 penaltiz), Asier Nieto (3), Dariel Garcia (4), Matheus, Iribar, Gorka Nieto (4, 1 penaltiz), Zabala, Furundarena, Jevtic (2), Gey-Emparan (4), Mujika (1), Pedro Pacheco (4), Boskos (4).

30 – Limoges: Slavic, Gauthier (atezainak), Thuillier (3), Azkue (1), Tokic, Turchenko (7, 1 penaltiz), Nicolas Nieto (3), Faruk Yusuf (5), El Deraa (5, 3 penaltiz), Guillaume (3), Hrstic, Ivic (1), Kusan (1), Monteiro (1), Ogando, Boiste.

Epaileak: Bolico eta Hurich (Austria).

Markagailua, bost minutuero: 3-3; 6-5; 7-9; 10-11; 11-12; 15-15 -atsedenaldia- 19-17; 22-19; 25-21; 28-22; 31-26; 35-30.

Nabarmentzekoa: bete egin da Artaleku. 1.800 zale izan dira, eta giro ikusgarria sortu dute.

Hurrengo zuzenekoak

  • Gaur
  • IG.
  • AL.
  • AS.
  • AZ.
  • OG.
  • OR.
29 15:10 - 17:15 ERREMONTEA | Berria Txapelketako finala: Goikoetxea V-Goikoetxea VI vs Guurutxaga-Eskudero
29 17:05 - 20:00 PILOTA | B Serieko Buruz Burukoaren atarikoa: Agirre vs Senar

Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…