Beste kirolak
EHF EUROPA LIGA
Bera Bera Europa Ligako final-laurdenetan izango da, azken partida galdu badu ere (29-31)
G. P. A. | EITB MEDIA
Multzoen faseko azken partida jokatu orduko, Bera Bera eta HSG Bensheim / Auerbach Flames talde alemaniarra final-laurdenetarako sailkatuta egon dira. Hala ere, neurketa serioa egin dute, eta ikuskizuna izan da Gascan.
-
Super Amara Bera Berako jokalariak final-laurdenetan izango direla ospatzen. EITB Media
Super Amara Bera Berak 29-31 galdu du Alemaniako HSG Bensheim / Auerbach Flames talde handiaren aurka gaur Gascan jokatu duen EHF Europa Ligako multzoen faseko azken partida.
Alabaina, Donostiako taldea final-lardunetan izango da, bigarren tokian amaitu baitu multzoen fasea. Atzo, Paris 92 taldeak (multzoko azkena) Fredrikstad talde norvegiarra (multzoko hirugarrena) menderatu zuen, eta, horrenbestez, Bera Berak aurrez ziurtatuta izan du hurrengo faserako txartela, baita Alemaniako taldeak ere, neurketa guztiak irabazi baititu.
Biek ala biek ez zuten ezer jokoan. Hala ere, partida serioa jokatu dute bi taldeek, eta neurketa orekatua izan da lehen zatian.
Van Beurden atezainak min hartu du 8. minutuan, eta kantxatik atera behar izan dute, aieneka. Horixe izan da neurketak utzi duen gertakari txarra.
Imanol Alvarezen neskak ondo aritu dira defentsan, eta alemaniarrak deseroso ibili dira erasoko jokoan. Horrela, gol bateko abantailarekin iritsi da atsedenaldira etxeko taldea (15-14).
Bigarren zatiaren hasieran, Alemaniako taldeak aurrerapausoa eman du, eta konturatu orduko sei goleko zuloa egin du (17-23), ordura arteko oreka hautsita.
Bera Berak ez du asmatu defentsan, ezta erasoan ere, eta, pixkanaka-pixkanaka, Alemaniako taldeak agerian utzi du multzoen fase guztian erakutsi duen nagusitasuna.
Zortzi goleko errentarekin (20-28), partida erabat hautsi dute kanpotarrek, eta lasaitasunez jokatu dituzte azken hamar minutuak.
Edonola ere, Donostiako taldeak ez du amore eman, eta adoretsu eutsi dio bukaera arte. Ezinezkoa izan zaio partida iraultzea, baina aldea murrizteko gai izan da (29-31), eta irudi ona emanda amaitu du norgehiagoka.
Bera Berako jokalariak pozarren agertu dira partidaren amaieran, eta kantxan ospatu dute final-laurdenetarako txartela. Ezustean, jokalari alemaniarrak batu zaizkie, eta elkarri eskuak helduta saltoka eta oihuka hasi dira. Irudi polita utzi dute.
Hurrengo kanporaketan HSG Blomberg-Lippe talde alemaniarra izango du aurkari Bera Berak. Joaneko partida Gascan jokatuko da, martxoren 22an edo 23an; eta itzulikoa, berriz, Alemanian, martxoaren 29an edo 30ean.
Goraipatzeko ibilbidea egin dute orain arte Europan, eta bide horri jarraipena ematen saiatuko dira final-laurdenetan.

Bera Berako eta Flames taldeko jokalariek elkarrekin ospatu dute final-laurdenetan izango direla.
FITXA TEKNIKOA:
29 - Super Amara Bera Bera: Prades, Kostic (atezainak); Elba Alvarez (3, bat penaltiz), Tchaptchet (6), Ogonovszky (3), Elke Karsten (bi penaltiz), Arrojeria (1), Laura Hernandez, Menendez (2), Etxeberria (4), Marie Louis (1), Gavilan (2), Arroyo (1), Micaela Rodrigues (1), Erauskin (3) eta Hernandez.
31 - HSG Bensheim/Auerbach Flames: Fehr, Van Beurden (porteras); Berger (3), Hurst (2), Engel (9), Ehlert (1), Soffel, Agwunedu, Friedberger, Irion (10, lau penaltiz), Edita Nukovic, Kretzschmar (3), Ziercke (3), Polsz eta Goldmann.
Markagailua, bost minututik bost minutura: 5-2, 6-6; 7-7; 11-10; 13-11; 15-14; atsedenaldia; 16-18; 17-23; 18-26; 22-27; 29-31.
Epaileak: Michal Fabryczny eta Jakub Rawichi (Polonia). Laura Hernandez, Gavilan, Kretzschmar eta Berger egotzi dituzte.