Beste kirolak
Golfa
Adrian Otaeguik Arabiar Emirerri Batuak ordezkatuko ditu, jokalari profesional gisa
EITB MEDIA
Golf jokalari donostiarra abenduaren 5etik 8ra bitartean Hegoafrikan jokatuko duten Nedbank Challenge txapelketan lehiatuko da aurrenekoz Arabiar Emirerri Batuetako kirolari bezala.
-
Adrian Otaegui, 2023ko Britainia Handiko Irekian. Argazkia: EFE.
Arabiar Emirerri Batuetako Golf Federazioak iragarri du Adrian Otaeguik aipatutako herrialde hori ordezkatuko duela, aurrerantzean, Espainia ordezkatu beharrean, golf jokalari profesional bezala, mundu mailako zirkuitu profesional guztietan; hain zuzen ere, abenduan hasiko da Otaegui hori egiten.
Zehazki, golf jokalari donostiarra abenduaren 5etik 8ra bitartean Hegoafrikan jokatuko duten Nedbank Challenge txapelketan lehiatuko da aurrenekoz Arabiar Emirerri Batuetako kirolari bezala. Otaeguik hamahiru urte baino gehiago eman ditu Arabiar Emirerri Batuetan, bertan bizitzen; herrialde horretako Golf Federazioaren enbaxadore izendatu zuten, bai eta nazio taldekoa ere.
"Arabiar Emirerri Batuak nire aberria da. Maite ditut haren kultura eta nola bilakatu den, azken berrogeita hamar urteotan, herrialde berriztatzaileetako bat. Nire helburua da Arabiar Emirerri Batuak munduan zehar ordezkatzea, Olinpiar Jokoetan domina bat irabaztea, eta haren bandera podiumetara eramatea", adierazi du golf jokalariak.