Itxi

Beste kirolak

Eskubaloia

Bidasoak Glogown irabazi egin du, 28-35, eta EHF Europako Ligako hurrengo faserako sailkatu da

EITB MEDIA

Euskal taldea nagusi izan da Chrobry Glogowren aurka, eta garaipena eskuratu du. D multzoan, Bidasoak eta Ystads IFk lortu dute sailkatzea, txapelketako txanda nagusirako; datorren asteartean, Artalekun jokatuko duten Bidasoa-Ystads IF partidako puntuek txanda nagusi horretarako balio izango dute.

  • Mikel Zabala, Bidasoak gol bat sartu duen lehen zatiko jokaldi batean. Argazkia: EITB Media.

    Mikel Zabala, Bidasoak gol bat sartu duen lehen zatiko jokaldi batean. Argazkia: EITB Media.

Bidasoa Irunek Chrobry Glogow hartu du mendean, 28-35, 2024-25 denboraldiko EHF Europako Ligako multzo faseko bosgarren jardunaldian, D multzoan, Ryszarda Matuszaka pabiloian, Glogown, Polonian, astearte gauean. Horrenbestez, Bidasoak txapelketako hurrengo faserako sailkatzea eskuratu du, alegia, txanda nagusirako sailkatzea. Taldeek multzotan banatuta jokatuko dute txanda hori ere; D multzoan, Bidasoarekin batera, Ystads IF taldea ere sailkatu da, eta, hain zuzen ere, datorren asteartean, Artalekun, multzo fase honetako seigarren eta azken jardunaldian, Bidasoa eta Ystads IF arituko dira nor baino nor gehiago. Partida horretan jokoan izango diren bi puntuek hurrengo fasean balio izango dute.

Hala, Bidasoak neurketako lehenengo hiru golak sartu ditu, eta une oro ibili da aurretik markagailuan aurreneko zatian. Alex Mozasen gizonek ordena eta sendotasuna izan dituzte defentsan, eta erasoan meritu handiko jokaldiak egin dituzte. Chrobry Glogow kontrolpean hartuta, eta garaipena eskuratu nahi zuela ondo baino hobeto erakutsita, Gipuzkoako taldea 10-17 ari zen irabazten atsedenaldian. Gorka Nietok eta Esteban eta Rodrigo Salinasek hiruna gol sartu dituzte, Bidasoan beste inork baino gehiago.

Bigarren zatian, Bidasoak estutasunik gabe eutsi dio erdietsitako aldeari, eta, gainera, ondorengo egunetan jokatu beharko dituzten partida gogorrei begira, indarrak gorde ahal izan ditu. Norgehiagokaren amaieran, 28-35eko emaitza izan da. Orain, datorren asteartean, Artalekun jokatuko duten neurketa EHF Europako Ligako txanda nagusiko beste bat balitz bezalakoa izango da, ia-ia. Bide batez, Bidasoak bi puntu ditu bermatuta txanda horretan, multzo fase honetako bigarren jardunaldian Ystads IFren etxean irabazi baitzuen.

Fitxa teknikoa

28 - Chrobry Glogow: Stachera, Derevlankin (atezainak); Adamski, Grabowski (7, 3 penaltiz), Hajnos, Jamiol (1), Kosznik, Dadej, Matuszak (2), Mosiolek (3), Paterek (3, 2 penaltiz), Skiba (1), Styrcz, Zieniewicz (6), Strelnikov (5), Orpik.

35 - Bidasoa Irun: Skrzyniarz, Leo Maciel (atezainak); Tao Gey-Emparan (1), Matheus da Silva, Rodrigo Salinas (4), Esteban Salinas (5), Dariel Garcia (1), Boskos (2), Gorka Nieto (2, penaltiz), Zabala (2), Jevtic, Asier Nieto (4), Mujika (5, 2 penaltiz), Asier Iribar (4), Pedro Pacheco (2), Gastaminza (3).

Epaileak: Georgios Panayides eta Marios Andreou (Zipre).

Incidencias: Glogowko Ryszarda Matuszaka pabiloiako edukieraren erdia bete dute zaleek.