Beste kirolak
Atletismoa
Lachgar eta Guarner garaile 2024ko Behobia-Donostia lasterketan
L.U. | EITB MEDIA
Chakib Lachgar nagusitu da gizonezkoen proban, 1 ordu, 2 minutu eta 19 segundoko denborarekin; emakumezkoenean, aldiz, Mireia Guarner izan da azkarrena, 1 ordu, 13 minutu eta 54 segundoko marka eginda.
Chakib Lachgar eta Mireia Guarner izan dira 2024ko Behobia-Donostia maratoi erdiko irabazleak. Igande honetan (azaroak 10) egin den lasterketaren 59. edizioa arrakastatsua izan da. Behobiatik 27.700 kirolari abiatu dira, eta Donostian izan dute helmuga.
Proba minutu bateko isilunearekin hasi da Valentziako Erkidegoko uholdeek eragindako biktimen alde, erkidego horretako 813 pertsonak eman baitzuten izena lasterketa honetan parte hartzeko.
Gizonezkoetan, Chakib Lachgar izan da irabazlea 1 ordu, 2 minutu eta 19 segundoko denborarekin. 2023ko eta 2019ko garaipenen ondoren, gaurkoarekin hirugarrenez bereganatu du Behobia-Donostia lasterketa.
Ruben Morales izan da bigarren, 10 segundora, eta Iraitz Arrospidek osatu du podiuma, 12 segundora sartuta. Arrospide izan da euskaldunik onena, 1 ordu, 2 minutu eta 31 segundoko denbora eginda.
Emakumezkoetan, Mireia Guarner nagusitu da Behobia-Donostian, 1 ordu, 13 minutu eta 54 segundoko denborarekin. Lorena Plano izan da bigarren, 17 segundora, eta Maitane Melero euskaldunak osatu du podiuma, hirugarren postuan helmugaratu baita. Maite Arraiza euskalduna, bestalde, bosgarren izan da 1 ordu, 15 minutu eta 30 segundoko markarekin.
Gizonezkoen lasterketako sailkapena
Gizonezkoen lasterketako sailkapena
Emakumezkoen lasterketako sailkapena
Emakumezkoen lasterketako sailkapena