Beste kirolak
Eskubaloia
Bidasoak CSM Constantaren etxean galdu du, 35-30, eta aurrenekoz atera da galtzaile EHF Europako Ligan
EITB MEDIA
Errumaniako taldea euskal taldea baino hobeto aritu da, eta Bidasoak, horrenbestez, txapelketako multzo fasean, garaipen, berdinketa eta porrot bana ditu, oraingoz. Bidasoaren multzoan, lau taldeek dituzte hiruna puntu, eta euskal taldea bigarren postuan da.
-
CSM Constantaren erasoko jokaldi bat, asteartean jokatutako partidan. Argazkia: EITB Media.
Bidasoa Irunek galdu egin du, 35-30, CSM Constantaren aurka, 2024-25 denboraldiko EHF Europako Ligako multzo faseko hirugarren jardunaldian, asteartean, Errumaniako Constanta udalerriko Sporturilor pabiloian, D multzoan. Horrenbestez, Alex Mozasen taldeak, multzo fase horretako hiru jardunaldi jokatuta, hiru puntu ditu, garaipen bat, berdinketa bat eta porrot bat batuta, eta, behin-behinean, multzoko bigarren postuan da; Bidasoaren multzoan, lau taldeek dituzte hiruna puntu. Denboraldi honetan aurrenekoz galdu du Bidasoak nazioarteko txapelketan.
CSM Constantak izan du kontrolpean markagailua lehen zatian; hori amaitu denean, etxeko taldeak bi goleko aldea zuen, 17-15. Bidasoak ez dio utzi aurkariari abantaila handiagoa hartzen, baina, egia esan, ematen zuen Alex Mozasen taldea errazegi ari zela golak jasotzen. Erasoan, Iñaki Cavero, Dariel Garcia, Asier Nieto eta Rodrigo Salinas nabarmendu dira; izan ere, bakoitzak hiru gol sartu ditu aurreneko zati horretan.
Bigarren zatian, CSM Constanta Bidasoa baino gehiago izan da. Euskal Herriko taldeak ezin izan du behar bezala estutu defentsan, eta Errumaniako taldea ondo aritu da erasoan. Markagailuak amaieran erakutsi duen 35-30ekoak, hortaz, Europako txapelketan denboraldian izandako lehen porrota ekarri dio Bidasoari.
Fitxa teknikoa
35 - CSM Constanta: Vasile, Rusu; Ungureanu, Aliokhin (7), Stankovic (1, penaltiz), Dragan (4, 2 penaltiz), Nikolic (4), Nistor (2), Cabut, Buzzle (7), Andrei (2), Komogorov (3), Chikovani (1), Ilie (1), Gastón Mouriño (3), Szasz.
30 – Bidasoa Irun: Skrzyniarz, Leo Maciel; Cavero (4, bat penaltiz), Asier Nieto (5), Matheus da Silva (1), Esteban Salinas, Furundarena, Dariel Garcia (4), Boskos (2), Gorka Nieto (5, 2 penaltiz), Zabala, Jevtic (2), Gey-Emparan (1), Rodrigo Salinas (5), Asier Iribar (1), Jon Ander Iribar.
Epaileak: Miljan Vesovic eta Novica Mitrovic (Montenegro).
Gertakizunak: Mila bat zale, Sporturilorren.