Beste kirolak
Eskubaloia
Garaipenaren zaporea duen berdinketa lortu du Bidasoak EHF Europako Ligako lehen jardunaldian (33-33)
EITB MEDIA
Partida bikaina jokatuta, Chrobry Glogow aurkari, Gipuzkoako taldeak neurketako azken jokaldian eskuratu du berdinketa; azken minutuan, Bidasoak bi gol egin ditu, eta meritu handiko puntua batu du.
Bidasoa Irunek berdindu egin du, 33-33, Chrobry Glogow aurkari, 2024-25 denboraldiko EHF Europako Ligako multzo faseko lehenengo jardunaldian, Artalekun, astearte gauean, D multzoaren barnean. Hala, Alex Mozasen gizonek lehen puntua lortu dute, eta emozioz beterik izan den neurketan eskuratu dute hori; izan ere, azken jokaldian zehaztu da emaitza, eta Iñaki Caverok, penaltiz, gola egin eta berdinketa jarri du markagailuan. Bidasoako jokalariek garaipena lortu izan balute bezala ospatu dute berdinketa hori, kontuan izanik ahalegin handia egin dutela eta, gainera, aurkariak ere maila oso ona eman duela.
Chrobry Glogow ia lehen zati osoan izan da aurretik markagailuan; atsedenaldian, 15-17 zen emaitza, eta Poloniako taldeak bi goleko abantaila zuen. Pedro Pachecok, lau gol sartuta, Alex Mozasen gizonen baliabide Nagusia izan da erasoan, eta Iñaki Caverok eta Theodoros Boskosek, hiruna gol eginda, ondo lagundu dute hori. Bisitarien aldetik, Paretekek ere lortu ditu lau gol, aurreneko hogeita hamar minutuetan.
Bigarren zatiaren hasiera zaila izan da Bidasoarentzat; izan ere, Chrobry Glogow lau goleko abantaila eskuratu du, 15-19koan; baina euskal taldeak erantzun ona eman du, eta, bigarren zatiko 13. minutuan, gol batera zuen talde bisitarian, 21-22koan, 22-23koan eta 23-24koan. Puntu horretan, partida nolabaiteko hartu-emanean sartu da; Bidasoak eskura zuen emaitza berdintzea, baina ezin zuen gauzatu hori. Azkenean, bost minutu eta erdi gelditzen zirela, aurkaria jokalari bat gutxiagorekin zebilela, Gipuzkoako taldeak berdinketa jarri du, 30-30.
Norgehiagokako azken txanpa ikusgarria izan da. Bi taldeek nahi zuten garaipena, eta, azken minutuan dagoeneko, Bidasoak bi goleko desabantaila zuen, 31-33. Azken segundo horietan, baina, Irungo taldeak bi baloi berreskuratu ditu, eta Iñaki Caverok, azken jokaldian, berretsi du oso trebea dela zazpi metroetan; horrela iritsi da urrezkoa izan litekeen puntua, azken finean.
Fitxa teknikoa
33 - Bidasoa Irun: Skrzyniarz; Leo Maciel; Cavero (8, 6 penaltiz), Matheus da Silva, Esteban Salinas (3), Furundarena, Dariel Garcia (4), Boskos (3), Gorka Nieto (3), Zabala (1), Jevtic, Gey-Emparan, Mujika (2), Asier Nieto (4), Asier Iribar (1), Pedro Pacheco (4).
33 - Chrobry Glogow: Stachera, Lobchuk; Adamski, Derevianki, Grabowski, Hajnos, Jamiol (3), Kosznik (5), Dadej (2), Matuszak (1), Mosiolek (3), Paterek (4), Skiba (4), Styrcz (5, 3 penaltiz), Wrona, Zieniewicz (6).
Epaileak: Vanja Antic eta Jelena Jakovljevic (Serbia).
Gertakizunak: Beñat Apeztegia Bidasoako jokalariaren omenez, isiluneko minutua izan da.