Itxi

Beste kirolak

Golfa

Ameriketako Estatu Batuetako taldeak irabazi du 2024ko Solheim Cup txapelketa, Europa menderatuta

EITB Media

AEBko taldeak hamaikagarrenez irabazi du txapelketa, eta amaiera eman dio garaipenik gabeko zazpi urteko boladari. Europa menderatu dute 15,5-12,5eko emaitzarekin.

  • Ameriketako Estatu Batuetako taldea

    Ameriketako Estatu Batuetako taldea, 2024ko Solheim Cupeko irabazlea. Argazkia: @TheSolheimCup

Ameriketako Estatu Batuetako taldeak 2024 Solheim Cup txapelketa irabazi du, Europakoa mendean hartuta, eta hamaikagarrenez lortu du txapelketako titulua. Hala ere, AEBk aurten eman dio amaiera garaipenik gabeko zazpi urteko boladari.

Estatu Batuetako taldeak Europakorekiko lau puntuko abantailarekin ekin zion azken jardunaldiari, eta ez zuen kale egin Robert Trent Jones Gainesvilleko (Virginia) klubean. 15,5-12,5eko emaitza eskuratuta itxi zuen asteburua. Europak hiru garaipen jarraian zeramatzan, baina bolada onari agur esan zion.

AEBko taldeak hamalau puntuak lortu zituen, hiru garaipen hauexek bereganatuta: Megan Khangek Emily Pedersen danimarkarraren aurka (6-5) lortutakoa, Allisen Corpusek Anna Nordqvist suediarraren kontra (4-3) bereganatutakoa eta Rose Zhangek Carlota Ciganda euskal jokalariaren aurka (6 eta 4) erdietsitakoa.

Beraz, titulua eskuratzeko, Ameriketako Estatu Batuetako taldeak nahikoa zuen puntu erdia lortzea, eta Lilia Vuk garaipena ziurtatu zuen Albane Valenzuela suitzarraren aurka berdinduta.

2026ko edizioa Cromvoirt hiriko (Herbehereak) Bernardus Golf klubean jokatuko da.