Beste kirolak
PARALINPIAR JOKOAK
Horrelakoa izan da euskal kirolarien jardunaldia Parisko 2024ko Paralinpiar Jokoetan abuztuaren 30an, ostirala
EITB MEDIA
Euskal ordezkariek honako kirol hauetan parte hartu dute ostiral honetan: gurpildun saskibaloia, txirrindularitza, arrauna, tiroa eta boccia.
-
Asier Garcia. Argazkia: Basque Team
BOCCIA
Amagoia Arrieta debatarrak Aurelie Auberten aurka ekin dio Joko Paralinpikoetan parte hartzeari. Arrietak azken unera arte borrokatu du B Pool-eko bere lehen partidan, Aubert frantziarraren aurka. Hiruna berdindu dute, eta partida azken jokoan erabaki da frantziarraren alde (1-2). Amagoiak Yee Tan Singapurreko jokalaria izango du aurkari, larunbatean, hilak 31.
TXIRRINDULARITZA
Eduardo Santas nafarrak brontzezko lasterketa jokatu du C3an, bere multzoko hirugarren postuan geratuta, 2024ko Parisko Paralinpiar Jokoetan 3:25eko denbora eginda, baina finalean ezin izan du domina eskuratu.
Eduardo Santas. Argazkia: Basque Team
ARRAUNA
Perle Bouge arraunlariak ezin izan du zuzenean sailkatu binakako scull mistoko A finalera ostegun honetan. Angeluko atleta, Benjamin Davietekin lehiatu dena, hirugarren sailkatu da bigarren multzoan 8:10.40ko denborarekin.
Horrela, bigarren aukera bat bilatuko du larunbat honetan, abuztuak 31.
Perle Bouge. Argazkia: Basque Team
GURPILDUN SASKIBALOIA
Asier Garcia bilbotarrak Espainiako selekzioarekin irabazi du Australiaren aurkako multzoko bigarren partida (68-60). Estatu Batuen aurkako lehen jardunaldiko porrotaren ondoren, Garciaren taldea hirugarren laurden bikain bati esker nagusitu da (19-5). Lortutako errenta ezinbestekoa izan da garaipena ziurtatzeko, australiarrek puntutan bikoiztu baitituzte azken laurdenean (16-30). Hurrengo partida Herbehereen aurka jokatuko dute irailaren 1ean, igandean.
Asier Garcia. Argazkia: Basque Team
Emakumezkoen txapelketan, Agurtzane Egiluzek, Laura Ugartek, Naiara Rodriguezek eta Bea Zudairek porrot egin dute Espainiako selekzioarekin Txinaren aurka (64-38). Lehen eta laugarren laurdenak txinatarren alde erori ondoren (25-7), hirugarrenean Espainiak emaitza apur bat makillatzea lortu du, baina abantaila gaindiezina zen eta ez dute garaipenerako aukerarik izan.
Bea Zudaire. Argazkia: EFE
TIROA
Aire-erriflearekin egindako tiroan, Fernando Michelena donostiarrak ez du finalerako txartela lortu. Zortzi onenak bakarrik pasatzen ziren errondaz eta, 628.4ko puntuazioarekin, 19. postuan geratu da.
Hala ere, modalitate mistoan lehiatzen jarraituko du datorren asteazkenean, irailaren 4an.
#Paris2024 Tiroan, Fernando Michelenak debuta egin du Joko batzuetan. Gipuzkoarrak hemeretzigarren amaitu du SH2 klaserako zutik egoteko hamar metroko karabina mistoaren kalifikazioan. 628,4 punturekin Tanguy de la Forest frantziarra (638,2) buru izan duen top8tik urrun egon da.… pic.twitter.com/cWLqnoyFjR
— BAT Basque Team (@BATbasqueteam) August 30, 2024