Beste kirolak
EUROPAKO TXAPELKETA
Maialen Chourrautek hamaikagarren amaitu du eslalomeko Europako Txapelketako finala, K1 mailan
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Zigorra jaso du ate bat pasatu gabe utzi ostean. Klaudia Zwolinska poloniarra izan da irabazlea.
-
Maialen Chourraut. Artxiboko argazkia.
Maialen Chourraut piraguista gipuzkoarrak, 2016an Rio de Janeiroko txapeldun olinpikoak, hamaikagarren amaitu du Tacenen (Eslovenia) jokatzen ari diren eslalomeko Europako Txapelketako finala, K1 modalitatean. Izan ere, zigorra jaso du ate bat pasatu gabe utzi ostean.
Chourrautek ondo ekin dio bere jaitsierari, baina 14. atetik igaro ondoren, hurrengoan kale egin du, eta horrek berrogeita hamar segundoko penalizazioa eragin dio. Hala, horrek dominen borrokatik aldentzea ekarri dio, eta, ondorioz, hamaikagarren tokian amaitzea (162.43), Eliska Mintalova eslovakiarraren aurretik bakarrik (254.62).
Klaudia Zwolinska poloniarra izan da irabazlea (95.77), eta hark zintzilikatu du urrea. Zuzana Pankova eslovakiarra sailkatu da bigarren postuan (100.72), eta Mallory Franklin britainiarra, hirugarrenean (102.30).