Itxi

Beste kirolak

''Harri Herri''

Igeldo taldea izango da Albizuriren aurkaria, gizonezkoen finalean

EITB MEDIA

Igeldoko lau harri-jasotzaileek Laukariz kanporatu dute “Harri Herri” saioko bigarren finalerdian. Mikel Lopetegi “Urra” gipuzkoarrak, gainera, marka berria ezarri du 125 kiloko zilindrikoarekin.

1:10
Igeldoko taldekideak agurtzen irabazi ondoren

"Harri Herri" saioko gizonezkoen lehiak badu finala: Albizuri eta Igeldo taldeak arituko dira nor baino nor gehiago bigarren ekitaldiko txapela jantzi nahian.

Aimar Galarragak, Hodei Iruretagoiena "Izeta IV.a"k, Mikel Lopetegi "Urra"k eta Ander Larruceak osatutako taldeak Izeta II.a izan du kapitain eta bi jasoaldiko aldearekin nagusitu da harri baldarrarekin egindako lanetan.

Aurretik, talde bakoitzak lau harri landurekin lan egin behar izan du harri baldarrari begira ahalik eta denbora gehien pilatzeko. Laukariz taldeko harri-jasotzaileek hasi dituzte lanak. Jon Unanue "Goenatxo III.ak, Xabat Olaizolak, Alex Merlok eta Jagoba Otaegik hasi dituzte lanak.

200 kiloko karratuarekin, Igeldoko Aimar Galarraga eta Laukarizeko Goenatxo III.a, harri handiekin espezialista, izan dira aurrez aurre. Hiru minutuko denboran, Goenatxok lau jasoaldi egin ditu (40 segundoko saria) eta Galarragak bost (50 segundoko saria).

125eko kubikoan, Laukarizeko Xabat Olaizolak eta Igeldoko Hodei Iruretagoienak neurtu dituzte indarrak. Bi munutuko denboran, 5 segundoko saria izan dute jasoaldi bakoitzeko. Bi harri-jasotzaileek 14na jasoaldi egin dituzte eta, ondorioz, 70na segundo eskuratu dituzte.

125 kiloko zilindro zaharraren txanda izan da gero. Aurrez aurre, Laukariz taldeko Alex Merlo madrildarra, eta Igeldo taldeko Mikel Lopetegi "Urra". Zarauztarrak erronka berezia izan du gainera: 202an ezarritako 22 jasoaldiko marka hobetzea. Esan eta egin, 24 jasoaldi egin ditu, bi minututan. Aurretik, Merlok 13 jasoaldi baino ez ditu egin. "Urra" dotore eta bizi  aritu da, saio bikaina egin du. 72 segundo lortu ditu Igeldokoentzat; Merlok, aldiz, 39.

100 kiloko bolarekin Igeldokoak gailendu dira jasoaldi bakar batengatik: 12 eta 11. Ander Larrucea bizkaitarrak 36 segundo lortu ditu Igeldokoentzat, eta Jagoba Otaegik 33 Laukariz taldearentzat.

Hasieratik duten minutu gehigarria kontuan hartuta, Igeldok 4:48 denbora izan du harri baldarrarekin lan egiteko, eta Laukarizek, aldiz, 4:02.

Harri baldarra

Harri baldarrarekin Igeldoko Mikel Lopetegi "Urra" eta Hodei Iruretagoiena aritu dira, eta Laukarizeko Xabat Olaizola eta Goenatxo IV.a. Lehia estua izan da, baina azkenean Igeldokoek 18 jasoaldi egin dituzte, eta Laukarizkoek 16. Ondorioz, Igeldo izango da Albizuri taldearen aurkaria datorren astelehenean jokatuko den final handian.