Beste kirolak
“Harri Herri”
Ergobia taldea izango da Mollarriren aurkaria, emakumezkoen finalean
EITB MEDIA
Zelai III.ak zuzendutako taldea Uliakoari gailendu zaio bigarren finalerdian, jasoaldi bakarreko aldearekin.
Ergobia taldea "Harri Herri" saioko emakumezkoen finalean izango da, Asteasuko Usarrabi pilotalekuan jokatutako finalaurrekoan Joseba Ostolazaren Ulia taldea mendean hartuta. Ondorioz, Eider Durana, Karmele Gisasola, Sara Jimenez eta Itxasne Apraiz harri-jasotzaileak bigarren ekitaldi honetako sari nagusia lortzeko lehiatuko dira.
Bigarren finalerdian Ulia taldea izan dute aurkari, Olaia Esnaolak, Goizeder Abendibarrek, Ane Atxutegik eta Udane Ostolazak osatutakoa, hain zuzen.
Ohi bezala, lau harri landu jaso behar izan dituzte, ahalik eta jasoaldi gehien eginez, ahalik eta denbora gehien pilatzeko. Guztira, 8 minutu izan dituzte: 100 kiloko errektangularrarekin 2 minutu izan dituzte, 63 kiloko kubikoarekin 3 minutu, 63 kilokoz Zilindro zaharrarekin 2 minutu, eta 50 kiloko bolarekin, aldiz, minutu bakarra.
Eider Durana (Ergobia) eta Olaia Esnaola (Ulia) izan dira aurrez aurre, harri errektangularraren lehian. Duranak 5 jasoaldi egin ditu, eta Esnaolak 6. Jasoaldi bakoitzaren truke, 10 segundo bildu dituzte. Horrela, Eiderrek 50 segundo lortu ditu Ergobia taldearentzat, eta Olaiak 60 Uliarentzat.
Harri kubikoarekin, Ergobiako Karmele Gisasola eta Uliako Goizeder Abendibar lehiatu dira. Gisasola aise gailendu da, hiru jasoaldi txar egin arren, eta 18 aldiz jaso du harria, Abendibarrek egindako 14 jasoaldien aurrean. Uliako harri-jasotzaile gaztea bikain aritu da, 15 urte bakarrik dituela kontuan izanda.
Zilindro zaharraren txandan, Ergobiako Sara Jimenezek eta Uliako Ane Atxutegik neurtu dituzte indarrak. Jimenez gailendu da, 20 jasoaldi eginda. Atxutegik 17 aldiz jaso du 63 kiloko harria.
50 kiloko bolarekin, berriz, Itxasne Apraiz eta Udane Ostolaza aritu dira. Udane (Ulia) aise gailendu da, harriari 15 jasoaldi emanda. Itxasnek 11 jasoaldi ematea lortu du.
Orotara, Ergobia taldeko harri-jasotzaileek 3 minutu eta 53 segundo bildu dituzte lau harri landuekin, eta Uliakoek, aldiz, 3 minutu eta 46 segundo. Ohikoa legez, biei minutu bat gehitu zaie harri baldarraren erronkari aurre egiteko.
Harri baldarra
Harri baldarrarekin aritzeko, Zelai III.a kapitainak Karmele Gisasola eta Eider Durana aukeratu ditu; Joseba Ostolazak, aldiz, Udane Ostolaza eta Olaia Esnaola.
Ergobiak alde izandako 7 segundoren aldea ederto baliatu du harri baldarrarekin aurkariak baino jasoaldi bat gehiago emateko. 19 jasoaldi egin dituzte guztira, Uliakoek egindako 18 jasoaldien aurrean.
Ondorioz, Ergobia izango da Mollarriren aurkaria, emakumezkoen lehiako final nagusian.
EMAKUMEZKOEN BIGARREN FINALERDIA |
|||||
KOADROA |
KUBIKOA |
ZILINDROA |
BOLA |
DENBORA | |
ERGOBIA | 5 | 18 | 20 | 11 | 3:53 (+1:00) |
ULIA | 6 | 14 | 14 | 15 | 3:46 (+1:00) |
HARRI BALDARRA |
|||||
JASOALDIAK | |||||
ERGOBIA | 19 | ||||
ULIA | 18 |
Puntuazioa: KOADROA (10 segundo jasoaldiko), KUBIKOA (5 segundo jasoaldiko), ZILINDROA (3 segundo jasoaldiko) eta BOLA (3 segundo jasoaldiko).