Beste kirolak
Eskubaloia
Bera Bera eta Bidasoa, 2024ko Euskal Kopako txapeldunak
EITB MEDIA
Finalean, Bera Berak Errotabarri menderatu du, 19-37, eta Bidasoak Erromoko Eskubaloia taldea hartu du mendean, 20-41. Bi finalak Ermuan jokatu dituzte, Miguel Angel Blanco kiroldegian, eta giro ederra izan da bertan.
-
Bera Berak final bikna jokatu du, eta Euskal Kopa irabazi. Argazkia: Bera Bera.
Super Amara Bera Berak eta Bidasoa Irunek 2024ko Euskal Kopa irabazi dute, asteazkenean, Ermuako Miguel Angel Blanco kiroldegian. Giro bikaina izan da bi finaletan, eta, horietan, Bera Berak Lauko Ermuko Errotabarri menderatu du, 19-37, eta Bidasoak Erromo Eskubaloia hartu du mendean, 20-41.
Hala, Bera Berak Errotabarriri argi gailenduta eskuratu du titulua. Imanol Alvarezen jokalariak ia hasieratik izan dira aurretik markagailuan finalean; atsedenaldian, 9-16 zihoan neurketa, eta pentsatzeko modukoa zen, hortaz, Euskal Kopa Donostiako klubak bereganatuko zuela. Bigarren zatian, Gipuzkoako taldeak handitu egin du aldea, eta, azkenean, garaipen bikaina erdietsi du; Errotabarrik, etxeko taldea izanik, dena eman du, eta itxiera ona eman dio Euskal Kopari, txapeldunorde geldituta.
Bitartean, Bidasoak garaipen ederra lortu du Erromoko Eskubaloia aurkari. Lehenengo minutuetan parean ibili dira bi taldeak, baina Jacobo Cuetararen gizonek azkar lortu dute markagailuan abantaila hartzen. Lehen zatia amaituta, Bidasoa 13-21ari zen nagusitzen, eta Irungo taldeak ezin hobeto ekin dio bigarren zatiari; izan ere, 0-10eko partziala ezarrita, bermatu egin du titulua Bidasoak. Erromo Eskubaloia, hortaz, txapeldunorde da aurtengo Euskal Kopan.
Bidasoak bereganatu du 2024ko Euskal Kopa. Argazkia: CD Bidasoa.