Beste kirolak
Gizonezkoen lehen finalerdia
Albizuri taldea “Harri Herri” saioko finalera sailkatu da, Etxauri mendean hartuta
EITB MEDIA
Luis Mari Telleriak zuzendutako laukotea nagusi izan da lau harri landuen lanetan, eta harri baldarrarekin ere ez diete aurkariei aukerarik eman. Ondorioz, Garmendia, Telleria, Arruti eta Urruzuno finalean izango dira.
Albizuri taldeak "Harri Herri" saioaren bigarren ekitaldiko finalerako txartela lortu du, Asteasuko Usarrabi pilotalekuan jokatutako gizonezkoen lehen finalean Etxauri taldea gaindituta. Luis Mari Telleriaren laukoteak denbora gehiago bildu du harri landuen txandan altxaldi gehiago eginda, eta hori erabakigarria izan da harri baldarraren lehian.
Albizuri taldea Gari Garmendia, Beñat Telleria, Iraitz Arruti eta Inhar Urruzuno harri-jasotzaileak aritu dira, eta Etxaurin, aldiz, Jueln Diaz, Imanol Arroyo, Xiker Larrea eta Andoni Iruretagoyena (Izeta VI.a).
Lehengo erronka lau harri landuekin lan egitea izan da, ahalik eta altxaldi gehien eginda, harri baldarrarekin aritzeko aurkariak baino denbora gehiago pilatzeko.
Harri errektangularrarekin Albizuriko Beñat Garmendia eta Etxauriko Julen Diaz aritu dira nor baino nor gehiago. 3 minutuko denboran, Garmendiak 4 jasoaldi egin ditu 200 kiloko harriarekin eta Diazek 5. Ondorioz, eta jasoaldi bakoitzeko 10 segundo bilduta, Garmendiak 40 segundo lortu ditu bere taldearentzat, eta Diazek 50.
Kubikoan (125 kilo) bi minutuko denbora izan dute. Hemen ere Etxaurikoak nagusi izan dira, Imanol Rojok 13 jasoaldi egin ditu, eta Beñat Telleriak 12. Ondorioz, 60 segundo Albizuri taldearentzat, eta 65 Etxaurirentzat.
Hurrengo bi harrietan gauzak erabat aldatu dira, Albizuriko harri-jasotzaileek egin baitituzte jasoaldi gehien. Bietan 3 minutuko denbora izan dute. Iraitz Arrutik 15 jasoaldi egin ditu 125 kiloko zilindro zaharrarekin eta Xiker Larreak 8. Alde nabarmena atera dute hor Telleriaren mutilek: 45 segundoko saria Albizurirentzat, eta 24 segundokoa Etxaurirentzat. Eta, azkenik, 100 kiloko bolarekin, Inhar Urruzunok 14 jasoaldi egin ditu (42 segundoko saria) eta Andoni Iruretagoyenak 13 (39 segundoko saria).
Harri baldarra
Horrela, hasieratik minutu bateko gutxieneko denbora ematen zaiela kontuan izanda, Albizurik 4:07ko denbora pilatu du orotara eta Etxaurik 3:58koa harri baldarrarekin lanean aritzeko.
Harri baldarrarekin aritzeko Garmendia eta Telleria aukeratu ditu Telleriak, eta Ostolazak Imanol Royo eta Iruretagoyena jarri ditu lehian. Albizurikoak aise nagusitu dira 13 jasoaldi eginda, Etxaurikoek egindako 9en aurrean. Horrela, Albizurik lortu du "HarRi Herri" saioko finalean lehiatzeko txartela.
GIZONEZKOEN LEHENENGO FINALERDIA |
|||||
KOADROA |
KUBIKOA |
ZILINDROA |
BOLA |
DENBORA | |
ALBIZURI | 4 | 12 | 15 | 14 | 3:07 (+1:00) |
ETXAURI | 5 | 13 | 8 | 13 | 2:58 (+1:00) |
HARRI BALDARRA |
|||||
JASOALDIAK | |||||
ALBIZURI | 13 | ||||
ETXAURI | 9 |
Puntuazioa: KOADROA (10 segundo jasoaldiko), KUBIKOA (5 segundo jasoaldiko), ZILINDROA (3 segundo jasoaldiko) eta BOLA (3 segundo jasoaldiko).