Beste kirolak
Eskubaloia
Bidasoak haserrea adierazi du mahaiak Granollersen egindako akats larriagatik, baina ez du salatuko
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Joan den igandean Granollersen kontrako jokatutako ligako partidan (30-30), berez sartu ez zen gol bat ontzat eman zioten Kataluniako taldeari, eta azken emaitzan eragin garbia izan zuen.
-
Bidasoa-Irunen artxiboko argazkia
Bidasoa-Irun eskubaloi taldeak haserrea adierazi du asteazken honetan, joan den igandean Granollersen aurkako ligako partidan (30-30) mahaiak izandako "akats larria"gatik. Izan ere, berez sartu ez zen gol bat ontzat eman zioten Kataluniako taldeari. Hala ere, ez duela Lehiaketa Batzordera joko azaldu du klub gipuzkoarrak.
Bigarren tokia lortzeko lehian, Granollers 28-26 aurretik zihoan markagailuan. Ivan Montoya etxeko piboteak egindako jaurtiketa bat argi eta garbi gelditu zuen Mehdi Harbaoui Bidasoako atezainak. Epaileek partida jarraitzeko agindua eman zuten, eta orduan sortu zen polemika.
Antonio Garcia Granollerseko kapitainak (gerora barkamena eskatu du egindako erreklamazioagatik) gola izan zela esan zuen, eta federazioko ordezkariak eskatuta, zelaiko mahaiak gola ontzat eman zuen. Beraz, markagailua 29-26 alde zutela jarri ziren etxekoak. Bidasoak aurka zituen hiru golak irauli, eta 30nako berdinketaz amaitu zen norgehiagoka.
Asteazken honetan, Bidasoak gertatutakoaren inguruko iritzia eman du, "arerioari izan ez zen gol bat ontzat ematea" salatuta.
Horren ondorioz, Bidasoa-Irunek puntu bat galdu du sailkapenean, eta txapeldunorde izateko borrokan Granollers baino hiru gehiago ditu orain. Plenitude Ligako sailkapena baldintzatzeaz gain, Europako postuak ere jokoan daudela azpimarratu du klubak. Dena den, ez du Federazioko erakundeetara joko, gertatutakoa salatzeko.