Itxi

Beste kirolak

Ekainaren 22an

Frantziaren eta munduko selekzio baten arteko errugbi partida hartuko du San Mamesek

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Maila goreneko errugbia Bilbora itzuliko da norgehiagoka horrekin. 2018an kluben finala han jokatu zen, eta 2026an ere San Mamesen izango da.

  • Frantzia vs 'World XV'

    Frantzia vs 'World XV'

Frantziako errugbi selekzioa eta munduko jokalari esanguratsuenak bilduko dituen 'World XV' taldea San Mamesen lehiatuko dira datorren ekainaren 22an, 16:00etatik aurrera. Hala, Frantziarentzat proba garrantzitsua izango da, udako bira hasi baino lehen.

Astearte honetan baieztatutako ekitaldi horri esker, punta puntako errugbia Bilbora itzuliko da. 2018an, kluben bi final nagusiak hartu zituen San Mamesek, eta 2026an ere hala egingo du. 

Antolatzaileek aurreratu dutenaren arabera, munduko izar nagusiak zelairatuko dira ekainaren 22an, bai Fabien Galthiek gidatutako Frantziako selekzioan (hirugarren munduko rankingean eta bigarren sei nazioen azken txapelketan), bai Ian Fosterrek (Zeelanda Berriko entrenatzailea azken Munduko Kopara arte) zuzenduko duen taldean.

Besteak beste, Mako eta Billy Vunipola anai ingelesak, Maxime Machenaud eta Camille 'El Vasco' Lopez frantziarrak, Semi Radradra fijiarra eta Tevita Tatafu japoniarra 'World XV' taldeko lehen aukeraketan daude.  

Partidak Bilboko Udalaren zein Bizkaiko Foru Aldundiaren "babes osoa" du, eta sarrerak salgai daude 35 eta 80 euro arteko prezioan helduentzat; 14 urte arteko haurren sarrerek, berriz, 17,50 euro balio dute.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak adierazi duenez, "kirol ekitaldi hau Bilbon egiteak 2018an hartutako Europako finaletako grina berriz bizitzeko aukera emango digu".