Beste kirolak
Igeriketa
Iñigo Llopis zilarrezko eta brontzezko dominekin itzuli da Aberdeendik
EITB Media
Nahia Zudaire laugarren izan da bular erako 100 metroko proban, eta Espainiako errekorra ezarri du.
-
Iñigo Llopis, Paraswimming World Serieseko Aberdeeneko txapelketan. Argazkia: Basque Team
Paraswimming World Serieseko denboraldia aste honetan hasi da, Aberdeengo probarekin. Txapelketa oso ondo joan da Iñigo Llopis eta Nahia Zudaire euskal igerilarientzat.
Eskoziako egonaldian Iñigo Llopis gripeak jota egon den arren, indartsu agertu da. Estilo libreko 100 metroko proban, bosgarren sailkatu zen A finalean, 1:01.25eko marka eginda. Ondoren, bere proba gogokoenean, Tokioko Jokoetan zilarra eman zion proban, donostiarrak zilarrezko domina bereganatu zuen Aberdeenen. Llopis bigarren izan zen bizkar estiloko 100 metrokoan, kronoa 1:07.30ean geldituta. Otsailaren 3an, estilo libreko 400 metroko probaren finalean, podiumeko hirugarren koskara igo zen eta brontzea poltsikoratu zuen, 4:39.18ko marka eginda. Azken jardunaldian, otsailaren 4an, tximeleta estiloko 100 metroko probaren finalean sartu, eta laugarren bukatu du, 1:07.64ko denbora eginda.
Nahia Zudairek ere, lan ona egin du Eskozian. Estiloetako 200 metroko probaren B finalean seigarren izan zen, 2:58.44ko markarekin; gainera, egunek aurrera egin ahala, hobetzen joan zen. Bular estiloko 100 metroko probaren finalean laugarren izan zen, Espainiako errekorra ezarri (1:35.68) eta Paralinpiar Jokoetarako gutxieneko marka eginda. Zudairek parte hartu zuen azken proban, estilo libreko 400 metrokoan, zazpigarren postua lortu zuen, 5:06.76ko denbora eginda.