Beste kirolak
LIV Golf Mayakoban
Jon Rahmek ostiralean egingo du debuta LIV Golf zirkuituan, Mexikon
Barrikakoak Saudi Arabiako Inbertsio Publikoko Funtsak bultzatutako zirkuituaren hirugarren ekitaldiko aurreneko txapelketan jokatuko du: LIV Golf Mayakoba da, eta Riviera Mayan egingo dute. XIII. Legioa taldeko liderra izango da Rahm.
-
Jon Rahm, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.
Jon Rahmek, 2023ko Augustako Masterseko eta 2021eko Estatu Batuetako Irekiko txapelduna bera, ostiral arratsaldean egingo du debuta LIV Golf zirkuituan, alegia, Saudi Arabiako Inbertsio Publikoko Funtsak bultzatutako zirkuituan. Barrikako golf jokalaria LIV Golfeko hirugarren ekitaldian estreinatuko da, Mexikon, Riviera Mayan, LIV Golf Mayakoban, El Camaleon zelaian.
29 urte dituela, Rahmek heldutasun garaia du, eta LIV Golfen ahaleginduko da hori berresten. PGA Tourren aritu da orain arte, baina zirkuitu hori uztea erabaki zuen, eta LIV Golfekin sinatu zuen kontratua. Ezingo du parte hartu, hortaz, orain arte ibili den zirkuituan, baina lau txapelketa handietan lehiatzeko aukera izango du, alegia, Augustako Mastersen, PGA Championshipen, Open Championshipen eta Estatu Batuetako Irekian.
LIV Golf Mayakoba Euskal Herriko 18:00ak aldera hasiko da, ostiralean. Jon Rahm XIII. Legioa izeneko taldeko liderra izango da, eta golf jokalari hauek izango ditu aldamenean, taldean: Tyrrell Hatton ingelesa, Kieran Vincent zimbabwetarra eta Caleb Surratt estatubatuar gaztea; azken horrek etorkizun oparoa du, adituen iritziz.
Rahm kenduta, beste hauek ere dira Mexikon irabazteko hautagaiak diren zerrendan: Dustin Johnson, Phil Mickelson, Brooks Koepka eta Cameron Smith. LIV Golf Mayakobak emango dio hasiera LIV Golfeko hirugarren denboraldiari. Guztira, hamabi txapelketa jokatuko dituzte horretan: Mexikon, Ameriketako Estatu Batuetan, Saudi Arabian, Hong Kongen, Australian, Singapurren, Espainian eta Erresuma Batuan. Bigarren txapelketa datorren astean egingo dute, otsailaren 8tik 10era bitartean, Las Vegasen.