Itxi

Beste kirolak

ERRUGBIA

San Mames, 2026ko Champions Cup eta Challenge Cupeko finalen egoitza

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Bilboko futbol-zelaiak Europako errugbiko lehen eta bigarren txapelketa nagusien titulua lortzeko partidak hartuko ditu, 2018an egin bezala.

  • Leinster taldeak irabazi zuen 2018ko Champions Cup txapelketa. Artxiboko argazkia: EFE

    Leinster taldeak irabazi zuen 2018ko Champions Cup txapelketa. Artxiboko argazkia: EFE

San Mames futbol zelaian jokatuko dira 2026an Champions Cup eta Challenge Cup txapelketako finalak, 2018an egin bezala. Hau da, Bilboko zelaian erabakiko dira Europako errugbiko lehen eta bigarren txapelketa nagusietako tituluen irabazleak.

EITBk atzo aurreratu zuen Europako errugbi txapelketa nagusiko (Investec Champions Cup) finala Bilboko estadioan jokatuko dela. Albiste hori baieztatzeaz gainera, Athletic Clubek eta Bilboko Udalak asteazken honetan gaineratu dute EPCR Challenge Cupeko finala ere San Mamesen izango dela.

Halaber, bi erakundeek jakinarazi dute Errugbiko Klub Profesionalen Europako Elkarteak (EPCR) 12 herrialdetik igorritako "23 estadioren" eskaintzak jaso dituela, baina, azkenerako, "bikain hornituta dagoen" Bilboko San Mames estadioaren alde egitea erabaki duela.

2018ko maiatzean jokatu ziren Champions Cupeko eta Challenge Cupeko finalek 84.225 ikusle bildu zituzten San Mamesen: lehendabizikoan, 52.282 ikusle (San Mameseko marka handiena); bigarrenean, 32.543 ikusle.

Egun batzuk geroago Bizkaiko Foru Aldundiak emandako datuen arabera, aipatu bi final horiek "28,18 milioi euroko eragin ekonomiko zuzena izan zuten Bilbon eta Bizkaian, eta 37,6 milioi eurokoa Euskadin".

Errugbiko bi final horien aurretik, San Mamesek beste bi kirol ekitaldi handi hartuko ditu: 2024ko emakumezkoen Txapeldunen Ligako finala aurtengo maiatzaren 25ean, eta 2025eko Europa Ligako finala.

Bilboko estadioak, gainera, Espainian, Portugalen eta Marokon egingo den 2030eko Munduko Futbol Txapelketako egoitzetako bat izan nahi du.