Itxi

Beste kirolak

Tenisa

Andreeva, 16 urterekin Australiako Irekiko markak hausten ari den jokalaria

O. Z. A. | EITB Media

Etorkizun handiko gaztea final-zortzirenetan dago jada, Pera, Jabeur eta Parry mendean hartu ondoren. Hain zuzen ere, hirugarren kanporaketan 1-5eko markagailua irauli zuen azken horren aurka.

  • Mirra Andreeva, Diane Parryren aurka lortutako garaipena ospatzen. Argazkia: EFE

    Mirra Andreeva, Diane Parryren aurka lortutako garaipena ospatzen. Argazkia: EFE

Mirra Andreevak historia egiten jarraitzen du Australiako Irekian. 16 urterekin, urteko lehen Grand Slameko final-zortzirenetarako txartela lortu du. Lehen kanporaketan, 7-5 eta 6-2 menderatu zuen Bernarda Pera. Gero, Ons Jabeur famatuaren txanda iritsi zen. Errusiarra, baina, nagusi izan zen hasieratik bukaerara, eta 6-0 eta 6-2 irabazi zion, 54 minutuan. Hirugarren kanporaketan, 1-5eko markagailuari buelta eman zion Diane Parryren aurka, final-zortzirenetara sailkatzeko. Bertan, Barbora Krejcikova tenislari txekiarra du zain.

Bere ibilibide motz bezain arrakastatsuak WTA rankingean 47. postuan sailkatuta izatea ekarri dio. Dagoeneko eskarmentu handia du Grand Slametan; izan ere, Roland Garroseko hirugarren txandara iritsi zen, Wimbledonen final-zortzirenetan galdu zuen eta US Openean ez zen bigarren txandatik pasatu. Lorpen oso garrantzitsuak dira guztiak, are gehiago horren adina kontuan hartuta.