Beste kirolak
Golfa
Jon Rahmek PGA Tourra utzi eta LIV Golfarekin sinatu du
EITB MEDIA
Kontratuaren baldintzak ez dituzte zehaztu, baina baliteke 500 milioi dolarretik gorakoa izatea. LIV Golf zirkuitua Saudi Arabiako Inbertsio Publikoaren Funtsak sortutako liga da.
-
Jon Rahm, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.
Jon Rahm bizkaitar golf jokalariak PGA Tourra utzi eta LIV Golf liga eztabaidagarriarekin sinatu du. Kontratuaren baldintzak ez dituzte zehaztu, baina baliteke 500 milioi dolarretik gorakoa izatea. LIV Golf zirkuitua Saudi Arabiako Inbertsio Publikoaren Funtsak sortutako liga da.
I am proud to join @livgolf_league and be part of something new that is bringing growth to the sport. I have no doubt that this is a great opportunity for me and my family and am very excited for the future. pic.twitter.com/myf4isJgJ3
— Jon Rahm Rodriguez (@JonRahmpga) December 7, 2023
The Wall Street Journal egunkariak emana zuen aurretik Rahmen erabakiaren berri. Egunkariaren iritziz, bizkaitarraren erabaki hori "kolpe sinestezina" zen. PGA Tourra uzteagatik LIV Golfak orain arte eskainitako kontraturik onena izango du Barrikako golf jokalariak. Adibidez, Phil Mickelsonen eta Dustin Johnsonen kontratuak urteko 100 milioi dolarretik gorakoak omen dira. Rahmek esana zuen 400 milioi dolarreko eskaintza batengatik ere ez lukeela utziko PGA Tourra.
Jon Rahm balio handia da LIV Golferako, eta, haratago ere, giltzarria den une batean kontratatu dute; izan ere, PGA Tourra eta LIV Golfa fusio prozesu polemikoan daude. LIV Golfa 2021ean sortu zuten, PGA Tourrarekin lehiatzeko baliabide mugagabeak zituela; Greg Norman handia izendatu zuen kontseilari ordezkari, gainerako liga profesionalei gailentzeko.
Hasiera-hasieratik, LIV Golfak dirutza eskaini die PGA Tourreko hainbat golf jokalariri, besteak beste, Sergio Garciari, Martin Kaymerri eta Graeme McDowelli, eta horrek benetako gerra eragin du kirolean. Tiger Woodsek eta Rory McIlroyk, ordea, ezezkoa eman diete eskaintza horiei.
LIV Golf, PGA Tour eta PGA European Tour zirkuituak batzeko prozesua hasi zutela iragarri zuten, ustekabean, 2023ko ekainean. Bat egiteko prozesua, baina, oraindik ez da burutu.