Beste kirolak
ESKUBALOIA
Irunek hartuko du eskubaloiko Espainiako Kopako lehen edizioa, abenduaren 16an eta 17an
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Txapelketak Artaleku izango du agertoki, eta Asobal Ligako lehen lau sailkatuek hartuko dute parte bertan. Hori bai, Bidasoak ziurtatuta dauka bertan izatea, txapelketaren antolatzaile gisa.
-
Eskubaloiko Espainiako Koparen 1. edizioaren aurkezpena. Argazkia: EITB bideo bateko irudia
Eskubaloiko Espainiako Koparen 2023ko edizioa, orain arte Asobal Kopa izenarekin ezagutzen zen txapelketaren oinordekoa izango dena hemendik aurrera, Irunen jokatuko da abenduaren 16tik 17ra bitartean.
Asteazken arratsaldean aurkeztu dute txapelketa, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, torneoa irabazten duen taldeari hurrengo denboraldian Europan aritzeko eskubidea aitortuko zaio.
Bertan parte hartuko dute Asobal Ligako lehen itzulia amaitzen denean sailkapeneko lehen lau postuetan kokatuta dauden taldeak: hala, Bartzelona birtualki sailkatuta dago dagoeneko; Bidasoa ere parte-hartzaileen artean izango da, etxeko taldea izateagatik, eta, gaur egun, Granollers eta Valladolidentzat izango lirateke beste bi tokiak.
Txapelketak bi finalerdi eta finala izango ditu, eta Bartzelona ahalguztiduna izango da berriz ere txapela bereganatzeko faborito nagusia.