Beste kirolak
Eskubaloiko Erreginaren Kopa
Beti-Onakek eta Zuazok aurrera egin dute Kopan, Morvedre eta Zonzamas mendean hartuta hurrenez hurren
I. G. | EITB MEDIA
Beti-Onak taldeak Morvedre garaitu du bigarren zati ikusgarri bati esker (19-25). Bestalde, Zuazok azken unera arte borrokatu behar izan du Zonzamasi 28-29 irabazteko.
-
Beti-Onaken garaipena. Argazkia: @RFEBalonmano
Replasa Beti-Onak eta Zuazo Barakaldo taldeak garaile atera dira eskubaloiko Erreginaren Kopako lehen kanporaketan eta hurrengo kanporaketara pasa dira. Beti-Onak taldeak Morvedre garaitu du bigarren zati ikusgarri bati esker (19-25). Bestalde, Zuazok azken unera arte borrokatu behar izan du Zonzamasi 28-29 irabazteko.
Beti-Onak izan da jokatu duen lehen taldea, Valentzian, Morvedreren etxean. Etxekoak izan dira markagailua ireki dutenak eta nafarrei hasieratik korrontearen kontra joatea egokitu zaie. Partidako lehen minutuetan bi taldeak oso geldo aritu dira erasoan eta kosta egin zaie golak sartzea, defentsako lan ona azpimarratuz. Izan ere, lehen 20 minutuetan Beti-Onakek bi gol baino ez ditu sartu, eta aurkariak, aldiz, sei.
Hortik aurrera, hobeto aritu dira eta gehiago aurkitu dute atea, baina Morvedrek kontrolpean izan du jokoa denbora guztian, eta hiru goleko aldearekin joan dira atsedenaldira (9-6).
Aldageletatik bueltan gidoia oso bestelakoa izan da. Beti-Onak hobeto zelairatu da eta 0-4ko partzialarekin markagailua berdindu du (10-10) ondoren aurretik jarri eta erritmoa ezartzeko.
Nafarrek bi goleko aldea mantendu dute bigarren zatian. Abantaila hori laukoa ere izan da amaierarako bost minuturen faltan. Ordurako, Beti-Onakek kontrolpean zuen partida.
Azkenean, lehen zati txar bati buelta ematea lortu dute, bigarrenean 19 gol sartuta, eta garaipena lortu dute 19-25eko emaitzarekin, beraz, hurrengo kanporaketan egongo dira.
Bestalde, Zuazo Barakaldok ere hurrengo kanporaketarako txartela lortu du, Zonzamas gol bakar batez gaindituta.
Partida oso parekatua izan da, eta ordu laurdenetik aurrera etxekoek beste pauso bat eman dute eta aurretik jarri dira (12-10). Hala ere, talde bizkaitarrak ez die ihes egiten utzi eta aurkariaren zelatan jarraitu dute, atsedenaldira gol bakarra azpitik iritsiz (15-14).
Bigarren zatian, partidaren gidoia ez da aldatu. Zonzamasek markagailuan agintzen jarraitu du eta Zuazori korrontearen kontra joatea egokitu zaio. Baina, amaierarako bost minuturen faltan, euskaldunek 26na berdintzea lortu dute.
Azken minutuetan aurrea hartzea lortu dute eta azkenean gol bategatik gailendu dira, 28-29.