Beste kirolak
Eskubaloia
Bera Berak, Karsten jokalariaren bajarekin, emaitza ona lortu nahi du Norvegian, Europan jarraitzeko
Agentziak | EITB Media
Imanol Alvarezen taldeak norvegiarrak gainditu behar ditu joan-etorriko kanporaketa honetan, 2024ko urtarrilean jokatuko den multzoen fasean sartu ahal izateko.
-
Bera Bera Argazkia: EITB Media
Super Amara Bera Berak denboraldiko Europako lehen hitzordu handia izango du Sola HK norvegiarraren etxean, Elke Karsten hegaleko argentinarraren bajarekin, Giuliana Gavilan eta Alba Menendez jokatzeko zalantzan daudela, eta datorren asteburuan Donostiako itzulikora begira emaitza ona lortzeko betebeharrarekin.
Partida zuzenean emango dute ETB4k eta eitb.eus-ek, 17:55etik aurrera.
Azken kanporaketa da, multzoen fasearen aurrekoa, eta, irabaziz gero, gutxienez sei partida kontinental gehiago jokatzea bermatuko du.
Sola HK sailkapeneko laugarren postuan dago Norvegiako ligan, eta Bera Bera Espainiakoan liderra da, baina Norvegiako taldea Larvik historikoaren aurretik dago sailkapenean. Larvik Txapeldunen Ligako irabazlea izan zen joan den hamarkadan.
Elke Karstenen lesioa, bestalde, unerik txarrenean iritsi da; izan ere, argentinarrak, iragan astean Amerikar Jokoetan zilarra irabazi ondoren, giharretako lesioa egin zuen Ligan Oviedoren aurka jokatutako neurketan.
Imanol Alvarez entrenatzaileak, beraz, konponbideren bat aurkitu beharko du ezker hegalerako, eta hor Mariane Fernandes brasildarrak irabazi du protagonismoa (urrea lortu zuen Amerikako txapelketan), baita Carmen Arroyo gazteak ere.
Gipuzkoako taldeak, halaber, ondo bete du Melinda Marie Louisen baja. Frantziako jokalariak denboraldi osoa galduko du belauneko lotailu haustura baten ondorioz, baina Aula Valladolidetik iritsi berri den Lydia Blanco jokalariak beteko du haren hutsunea.