Beste kirolak
GOLFA
Rahmek atzera egin du Espainiako Irekiko sailkapenean; Lorenzo-Vera, burutik bi kolpera
A. A. | EITB MEDIA
Barrikakoak (-3) zortzi kolpera du Mathieu Pavon liderra (-11). Bestetik, Mike Lorenzo-Vera baionarrak fin jarraitzen du eta laugarren postuan dago (-9). Adrian Otaeguik (-5) ere ondo kokatuta ekingo dio asteburuari.
-
Jon Rahm kolpe baten emaitzarekin nahigabetuta. Argazkia: EFE
Espainiako Irekia hiru aldiz eskuratu arren, Jon Rahmek asko sufritu du Madrilen jokatzen ari den txapelketako bigarren jardunaldian, eta, hala, 72 kolpe behar izan ditu ibilbidea osatzeko, kolpe bat parretik gora. Barrikakoa 45. tokian dago sailkapen nagusian (-3), lider dagoen Mathieu Pavon frantziarrarengandik (-11) urrun; 8 kolpera, hain zuzen ere.
Rahmi lehendabiziko zulotik okertu zaio eguna (bogey bat egin du bertan), eta zazpigarrenera arte ez du birdierik lortu, ibilbide osoko bakarra. Hamaikagarren zuloan berriro trabatu eta beste bogey bat pilatu du, eta ezin izan dio horri bueltarik eman.
Oso bestelako jarduna izan du Mike Lorenzo-Vera lapurtarrak. Baionakoa laugarren postuan dago sailkapenean (-9), liderrarengandik bi kolpera, parraz azpitik 3 kolpeko ibilbidea egin baitu ostiral honetan, 4 birdie, 1 eagle eta 3 bogeyrekin.
Adrian Otaegui donostiarrak ere jardunaldi ona izan du, eta, Lorenzo-Verak bezala, -3 kolpeko txartelarekin bukatu du bere lana. Hala, gipuzkoarra sailkapen nagusiko 24. tokian dago kokatuta (-5).
Azkenik, Borja Virto nafarrak parraz gainetik 10 kolpeko emaitzarekin amaitu du txapelketa (ezin izan du galbahea gainditu). Iruindarrak zorigaiztoko ostirala izan du, 5 bogey eta 2 bogey bikoitz egin baititu, eta, aldiz, birdie bakarra; ondorioz, parretik gora 8 kolpe behar izan ditu ibilbidea osatzeko.