Itxi

Beste kirolak

Triala

Jaime Bustok bigarren postua lortu du Andorran, eta bigarren jarraitzen du indoor trialeko Munduko Txapelketan

EITB MEDIA

Txapelketa amaitzeko bi proba gelditzen direla, GASGAS Factory Racing taldeko gorliztarrak soilik Toni Bou su aurretik sailkapen nagusian; azken horrek irabazi du Andorrako proba, hain zuzen ere.

  • Jaime Busto, Andorrako podiumean. Argazkia: Jaime Bustoren Komunikazioa.

    Jaime Busto, Andorrako podiumean. Argazkia: Jaime Bustoren Komunikazioa.

GASGAS Factory Racing taldeko Jaime Busto pilotu gorliztarrak bigarren postua lortu du, asteburuan, X-Trial Indoor Trialeko Munduko Txapelketako bosgarren proban, Andorra la Vellan. Hala, Bustok bigarren jarraitzen du txapelketako sailkapen nagusian, hori amaitzeko bi proba gelditzen direla; Montesa taldeko Toni Bou soilik du aurretik, sailkapen nagusi horretan.

Andorran, Bou gailendu da, guztira 15 puntuko penalizazioa izan duela; Bustok 26 izan du, eta Montesako Gabriel Marcellik, hirugarren sailkatua bera, 30.

Proba amaituta, Jaime Busto "oso pozik" azaldu da, erdietsitako bigarren postuagatik: "Finala nahiko zaila izan da, eta Toni Bouk erakutsi du maila oso handia duela", adierazi du.

Bustok urriaren 22an du hurrengo hitzordua, trialeko Espainiako Txapelketako azken proban. Aurreneko postuan dago txapelketa horretan, 97 puntu dituela; bizkaitarrak 13 puntuko aldea du Marcelli bigarren sailkatuarekiko.