Beste kirolak
Tiro egokitua
Ager Solabarrietak bigarren urrea irabazi du Tiro Egokituko Munduko Txapelketan
Agentziak | EITB MEDIA
Ondarroako kirolaria izan da nagusi Perun jokatzen ari diren Munduko Txapelketan, ikusmen urritasuna duten pertsonen karabinako hamar metroko zutikako modalitatean.
-
Ager Solabarrieta, Basque Teameko kirolaria
Ager Solabarrieta euskal tiratzaileak bigarren urrezko domina irabazi du astelehenean, Liman jokatutako Tiro Egokituko Munduko Txapelketan, ikusmen urritasuna duten pertsonen karabinako hamar metroko zutikako modalitatean.
Basque Teameko kirolari ondarroarrak zutikako modalitatean zuen titulua berretsi zuen ostiralean, eta beste domina bat eskuratu zuen 72 ordu geroago. Sailkapen proban munduko errekorra hautsi ostean (579,6 puntu) sailkatu zen finalerako.
Azken txanpara berdinduta iritsi arren, Maite Badiola emaztea gidari zuela, Solabarrieta fin ibili zen azken tiroetan. Horietako batek, hain zuzen ere, dianaren erdi-erdia jo zuen, eta 10,7 puntu bereganatuta, urrezko domina irabazi zuen, aurkari guztiak gaindituta; Barbara Moskal poloniarra izan zen bigarren, eta Fran Skracic kroaziarra, berriz, hirugarren.
"Oso hunkituta nago, ez dago hitzik une hau deskribatzeko; lorpen handiren bat espero nuen, horretarako lanean aritu naizelako, baina ez nuen uste bi lehietan irabaziko nuenik", adierazi zuen Solabarrietak ONCEk zabaldutako adierazpenetan.