Beste kirolak
Golfa
Europa eta Ameriketako Estatu Batuak, berdinduta (8-8) Solheim Cupeko azken jardunaldira
EITB Media
Bigarren jardunaldiko goizeko partidetan bina puntu bereganatu ditu talde bakoitzak. Arratsaldeko neurketetan, aldiz, Europak hiru garaipen bereganatu ditu eta AEBk bakarra. Carlota Ciganda bikain aritu da.
-
Carlota Ciganda eta Emily Pendersen, 2. jardunaldian lortu duten garaipena ospatzen. Argazkia: EFE
Europako eta Ameriketako Estatu Batuetako taldeak berdinduta (8-8) ekingo diote Solheim Cupeko azken jardunaldiari. Malagan (Espainia) jokatzen ari da txapelketa, eta igandean (irailak 24) amaituko da.
Goizean binakako lau partida jokatu dira. Talde bakoitzak bina puntu erdietsi ditu (2-2); beraz, markagailu orokorrean, AEBk bi puntuko errentarekin ekin dio (5-7) arratsaldeari.
Jardunaldi amaiera emankorra izan da Europarentzat, egunaren bigarren zatian jokatutako lau neurketetatik hiru irabazi baititu, eta talde estatubatuarrak bakarra (3-1).
Talde europarraren erreakzioan zeresan handia izan du Carlota Cigandak. Nafarroako golfista sasoi onenan dago, eta hori igarri egin da bigarren jardunaldian. Gainera, txapelketako bigarren egunean jokatu dituen bi norgehiagokak irabazi egin ditu: lehena, Emily Pendersen danimarkarrarekin bikotea osastuta, Lilia Vuren eta Jennifer Kupchoren aurka (2-1); eta, bigarrena, Linn Grant suediarrarekin bikotea osatuta nagusitu da Danielle Kangn eta Lilia Vuren kontra (2-1).