Beste kirolak
Piraguismoa
Miren Lazkano eta Klara Olazabal, Lee Valleyko eslalom piraguismoko Munduko Txapelketako finalerdietara
EITB MEDIA
Basque Team taldeko bi kirolariek lehen jaitsieran zuzenean lortu dute C1 kategoriako finalerdietarako sailkatzea, gainerako aurkarien emaitzei itxaron beharrik gabe.
-
Klara Olazabal eta Miren Lazkano, Basque Team taldeko palistak
Miren Lazkano eta Klara Olazabal euskal palistek Lee Valleyko (Ingalaterra) eslalom piraguismoko Munduko Txapelketako C1 kategoriako finalerdietarako txartela lortu dute asteazken honetan jokatutako proban. Lehen jaitsieran lortu dute biek, gainerako parte hartzaileen emaitzari itxaron beharrik gabe.
Banakako lehiaren txanda iritsi da gaur, atzo taldekako probak egin ostean. Lazkanok eta Mendizabalek minutu bateko aldearekin ekin diote kanoa lehiari. Oso jaitsiera onak egin dituztenez, zuzenean lortu dute finalerdietarako sailkatzea, arerioen emaitzen zain egon gabe.
Miren Lazkanok seigarren egin du, 98,51 segundotan (+3,40) amaitu duelako, 23 atean zigorra jasota; Klara Olazabalek, berriz, bederatzigarren egin du, lehen atea ukituta, 99,12 (+4,01) segundoko denbora sinatuta. Finalerdiak ostiral honetan jokatuko dituzte: Olazabal 11:45ean sartuko da uretara eta Lazkanok 11:51ean. Finalerako sailkatuz gero, ostiralean izango dute hitzordua 14:35etik aurrera.
Ostegunean, kayakak sartuko dira uretara. Orduan, Olatz Arreguik hartuko du parte 10:32an, Maialen Chourraut 11:06ean eta Pau Echaniz, 12:36ean (Euskadiko ordua).