Itxi

Beste kirolak

Tenisa

Lau urteko zigorra ezarri diote Simona Halepi, dopinaren aurkako arauak urratzeagatik

EITB MEDIA

Tenislari errumaniarrak 31 urte ditu, 2018an Roland Garros irabazi zuen eta 2019an Wimbledon, eta munduko sailkapeneko lehen postuan izana da, 64 astez. 2022an, AEBko Irekian, positibo eman zuen, eta, gainera, hainbat irregulartasun ditu pasaporte biologikoan.

  • Simona Halep, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.

    Simona Halep, artxiboko irudian. Argazkia: EFE.

Auzitegi independente batek lau urteko zigorra ezarri dio Simona Halep tenislariari, dopinaren aurkako arauak urratzeagatik, Tenisaren Integritaterako Nazioarteko Agentziak asteartean iragarri duenez. Hain zuzen ere, 31 urteko jokalari errumaniarrak, 2022an, Ameriketako Estatu Batuetako Irekian, positibo eman zuen, roxadustat substantziagatik, eta, gainera, hainbat irregulartasun ditu Atletaren Pasaporte Biologikoan.

Testuinguru horretan, tenislariaren eta Tenisaren Integritaterako Nazioarteko Agentziaren izenean aritu diren zientzialarien deklarazioa aztertuta, auzitegi independenteak ebatzi du Halepek nahita urratu zituela dopinaren aurkako arauak, "hartutako bolumenak ezin baitzuen eman lagin positiboak duen roxadustat kontzentrazioa". Kirolariak esan zuenez, "kutsatutako osagarri bat" hartu zuen.

"Gaur, Tenisaren Dopinaren aurkako Programako auzitegi batek behin-behineko erabakia iragarri du, nire auzian. Azken urtea nire bizitzako partidarik gogorrena izan da, eta, tamalez, nire borrokak aurrera jarraitzen du. Tenis joko ederrean eman dut nire bizitzan. Oso kontuan hartzen ditut gure kirolak dituen arauak, inoiz ez dut baliatu, nahita edo asmo txarrez, debekatutako substantziarik, eta harro nago horretaz. Uko egiten diot lau urteko zigorrari", esan du Halepek, sare sozialetan.

"Hainbat atzerapenen ostean, erantzuna jaso dut, eta eskertzen dut hori; urtebete baino gehiago eman dut, gainera, purgatorioan. Auzitegiak hartutako erabakiak atsekabetu egiten nau", gehitu du Halepek.

Errumaniarra 2022ko urritik zegoen zigortuta, behin-behinean, eta, beraz, 2026ko urriaren 6an amaituko zaio zigorra. 2018an, Roland Garros irabazi zuen, eta 2019an, Wimbledon; gainera, munduko sailkapeneko aurreneko tokian izana da, 64 astez.