Itxi

Beste kirolak

Datuak

Dopinaren Aurkako Euskal Agentziak 321 kontrol egin eta bost zigor jarri zituen 2022an

Agentziak |

EPO, kokaina, kanabis edo klenbuterol atzemateko proban eman zuten positibo. Erakundeak inoiz baino kontrol gehiago egin zituen urte horretan.

  • Laborategi bateko artxiboko argazkia. EFE

    Laborategi bateko artxiboko argazkia. EFE

Dopinaren Aurkako Euskal Agentziak 321 kontrol egin zituen 2022an 85 misiotan, inoizko kopururik handiena. Bost kirolari zigortu zituen positibo kasuengatik, asteazken honetan Eusko Jaurlaritzako Kultura, Hizkuntza Politika eta Bozeramailetza sailak azaldu duenez.

2022ko 85 misioetatik %80 (68) kirol probetan egin ziren, eta 17 entrenamenduetan. Horrela, 288 lagin lehiaketetan jaso ziren, eta 33 horietatik at.

Kontrako 6 emaitza analitiko atzeman ziren. Horietako bostetan, kirolariak zigorra jaso zuen. Seigarren kasuan, Metilfenidato substantzia (S-6 Talde Bizigarriak) ikusi eta aurkako emaitza analitikoa atera ondoren, atletak medikuaren baimena aurkeztu zuen eta espedientea itxi zen.

Dopinaren aurkako Euskal Agentzia da laginak biltzeko agintaritza Euskadin: European Athletics Elkarteko nazioarteko probetan eta TKE Arraun Ligan edo Euskadiko Atletismo Federazioaren nazioarteko lehiatan egiten du lan hori, besteak beste. Era berean, 2022an KAE Liga (Kantauriko Arraun Elkartea), Emakumeen Donostiako Estropadak, Gizonezkoen Donostiako Estropadak edo Basque Crossfit bezalako probetan ere kontrol-arduraduna da.

Guztira 17 kirol modalitatetan egin ziren dopinaren aurkako probak: arraunean (94 proba), errepideko txirrindularitzan (62), errepideko atletismoan (42), ziklokrossean (19) eta harrijasotzean (19).