Itxi

Beste kirolak

Golfa

Jon Rahmek bigarren postuan amaitu du Erresuma Batuko Irekia; Brian Harmanek irabazi du

EITB MEDIA

Barrikako golf jokalariak parraz azpitik bat egin du igandean, txapelketako azken egunean, eta guztira -7 izan du, Harmanek baino sei kolpe gehiago. Adrian Otaeguik +1 egin du igandean, eta 55. postua eskuratu du azken sailkapenean.

  • Jon Rahm, igandean, Britainia Handiko Irekian. Argazkia: EFE.

    Jon Rahm, igandean, Britainia Handiko Irekian. Argazkia: EFE.

Jon Rahmek bigarren postuan amaitu du igandean 2023ko Eresuma Batuko Irekia, Royal Liverpool Cluben. Barrikako golf jokalariak parraz azpitik bat egin du txapelketako azken egunean, eta guztira -7 izan du, hau da, aurreneko postua erdietsi duen Brian Harman estatubatuarrak baino sei kolpe gehiago. Adrian Otaeguik, aldiz, +1 egin du igandean, eta 55. postua eskuratu du azken sailkapenean.

Euria barra-barra bota du zelaian, txapelketaren azken jardunaldian, eta Rahmek ezin izan dio eutsi larunbatean emandako maila bikainari; hori bai, bizkaitarra onenen parean ibili da, eta bigarren postua poltsikoratu du. Lehenengo lau zuloetan, parra egin du, eta bosgarrenean birdiea lortu du; bederatzigarrenean, baina, bogey bat egin du, eta Britainia Handiko Irekia irabazteko ia aukerarik gabe geratu da.

Hala ere, Rahmek amaiera hobeezina eman dio egunari, beste birdie bat eginda. Zaleek txalotu egin dute Barrikako jokalariaren lana; 70 kolpe behar izan ditu igandean, ibilbide osoa amaitzeko, eta, guztira, -7 egin du txapelketan.

Adrian Otaeguik, ordea, 72 kolpe egin ditu azken jardunaldian, eta guztira +5eko emaitza izan du. Donostiarra onenen parean ibili zen aurreko bi egunetan, eta, azkenean, 55. postuan sailkatu da denboraldiko laugarren eta azken txapelketa handian.

Harmanek, 36 urtekoa bera, lehen aldiz irabazi du major batean. Ezin hobeto aritu da Royal Liverpool Cluben, lehen egunetik amaierara arte.