Beste kirolak
Eskubaloia
Bera Berak azaroan ekingo dio Europa Ligari
EITB MEDIA
Aurreko denboraldian egin zuten moduan, taldeen fasearen aurreko erronda abiatuko du azaroan talde donostiarrak, Europako Federazioak webgunean azaldu duenez.
-
Super Amara Bera Bera taldea
Emakumeen Europako eskubaloi Liga azaroan hasiko da Super Amara Bera Bera taldearentzat, taldeen fasearen aurreko errondarekin. Kanporaketa joan-etorrikoa izango da, azaroko bi asteburutan jokatuta: 11-12 eta 18-19. Egutegiari dagokionez, donostiarrek azaroaren 1ean Telden jokatuko dute, Rocasaren aurka, eta azaroaren 4an Oviedoko Lobas Global hartuko dute etxean. Ondoren, azaroaren 11rako Valladolideko Caja Rural Aularen kontra aurreikusitako norgehiagoka aurreratu edo atzeratu beharko dute, Europako joaneko partida izango dutelako egun berean.
Urriaren 3an jakingo du Super Amara Bera Berak nor izango duten aurrean Europan. Aukeren artean, Borussia Dortmund alemaniarraz gain, Sola eta Storhamar norvegiarrak dira nabarmentzekoak.
Honako hauek dira zozketan sartuko diren beste taldeak: HSG Bensheim/Auerbach alemaniarra, RK Lokomotiva Zagreb eta RK Podravka Vegeta (liga txapeldunordea) kroaziarrak, Praktiker-Vac (seigarrena Hungariako ligan), CSM Targu Jiu errumaniarra, Kobenhavn daniarra, MKS FunFloor Perla Lublin poloniarra, eta azkenik, Chambray Touraine HB (Frantziako ligako laugarren sailkatua). Horien aurka lagunartekoa jokatu du Bera Berak abuztuaren 4an, Gascan.