Itxi

Beste kirolak

Europako Jokoak

Echanizek 8. bukatu du K1eko finala eta Chourraut errondaz igaro da kayak krosseko erlojupekoan

eitb media

Miren Lazkanok, Olatz Arreguik eta Pau Echanizek ez dute txartela lortu erlojupekoan, eta Chourraut finalik gabe geratu da K1ean.

  • Maialen Chourraut

    Maialen Chourraut. Artxiboko argazkia: Basque Team

Pau Echaniz piraguistak, Basque Teameko eta Euskadiko Piraguismo Federazioko kideak, zortzigarren postua sinatu du Krakovian jokatzen ari diren Europako Jokoetako K1eko finalean.

Pauk finalerdi ona egin du, zazpigarren postuan amaituz, 90.96ko denborarekin, eta penalizaziorik gabe. Finalean, Echanizek zortzigarren postua lortu du. 96.46ko denbora egin du, eta bi ate jo ditu, Jiri Prskavec txekiar garailearengandik +8.25era amaitzeko.

Bestalde, Maialen Chourrautek ezin izan du finalean sartu. Jaitsiera motel samarra egin du finalerdian. Chourraut hamazazpigarren izan da finalerdian, 107.35eko denborarekin (+5.56 Elena Lilik alemaniarrarekiko).

Kayak crosseko erlojupekoan, Maialen Chourrautek hirugarren denborarik onena egin du, igande honetan, uztailak 2, nor lehiatuko den eta kanporaketetan egitura zein izango den erabaki duen lehiaketan.

Chourrautek 67.99ko denbora egin du (+0.62), eta Stefanie Horn italiarrak (67.37) eta Ricarda Funk alemaniarrak (67.57) bakarrik gainditu dute. Ez dute errendimendu bera izan Miren Lazkanok eta Olatz Arreguik, kanporatuta geratu baitira 16 azkarrenen artean sartu ez direlako. Mirenek 19. postuan bukatu du 70.18ko markarekin (+2.81) eta Olatz Arreguik 20.ean, 70.26ko denborarekin (+2.89).

Pau Echanizek ere ez du kanporaketetara pasatzeko txartela lortu. 21. postuan bukatu du, 66.25 segundotan helmugaratu ondoren.

Krynica-Zdròj Arenan jokatutako judoko txapelketan ere parte hartu dute euskaldunek. Espainiak lehen kanporaketan galdu du Austriaren aurka taldekako txapelketa mistoan, nahiz eta Eunate Etxeberria bilbotarrak Maria Sophia Hoellwart austriarraren aurkako borroka irabazi.