Beste kirolak
Europako Jokoak
Hiru euskal jokalari dituen errugbiko selekzioa ustekabean kanporatu dute, final-laurdenetan
EITB MEDIA
Bestalde, Clara Azurmendi badmintoneko jokalariak garaipen batekin hasi du bere ibilbidea Europako Jokoetan.
-
Espainiako errugbiko selekzioa. Argazkia: Basque Team.
Barrea eta negarra egun berean. Esperientzia horretatik igaro behar izan dute gaur Amaia eta Lide Erbina ahizpek eta Anne Fernandez de Corresek. Astelehen goizeanoizean Belgikaren aurka 29-7 irabazi dute eta C multzoko lehen postuan sailkatu dira final-laurdenetarako. Euren multzoko lehen postuan bukatzeak abantaila ematen zien, hurrengo fasean A multzoan ondoen kokatuta zegoen bigarren selekzioaren aurka jokatu beharko baitzuten. Hala ere, Txekia pozoitutako dardoa izan da Ignacio Martín donostiarrak zuzentzen dituenentzat.
Espainiak ez du bere lekua aurkitu final-laurdenetako norgehiagokan, nahiz eta hori egiten jakin duen multzoen fase osoan zehar. Atzo Errumaniaren eta Suediaren aurka eta gaur goizean Belgikaren aurka erakutsitako sendotasunak balizko domina batekin amets eginarazten zuen. Hala ere, arratsaldean, Espainiak egindako akats guztiak aprobetxatu ditu Txekiak. Partida amaitzean Anne Fernandez de Corresek Basque Teameko komunikazio taldeari esan dionez, ez dute akats txikiak zaintzen jakin eta gogotik ordaindu dute. 12-17 galdu dute;, neurketako azken minutuetan lortutako zazpi puntuak ez dira nahikoak izan buelta eman ahal izateko.
"Orain zauriak miazkatzea geratzen da, baina onena da talde-kirola dela eta geratzen diren partidengatik borrokan jarraituko dugula" adierazi du Fernandez de Corres jokalari arabarrak.
Txapelketa irabazten duen taldeak 2024ko Pariseko Jokoetarako plaza zuzen bat eskuratuko du, eta bigarrena eta hirugarrena Munduko preolinpikoan sartuko dira. Amaia eta Lide Erbina eta Anne Fernandez de Corresek Portugalen aurka jokatuko dute 5. postutik 8.era arteko lehen partida, asteartean, 11:06an Henryk Reyman Stadiumen.
Clara Azurmendiren garaipena
Clara Azurmendik, Bea Corralesekin batera, debuta egin du Europako Jokoetan. Azurmendik eta Corralesek Keisha Fatimah Az Zahra eta Era Maftuha azerbaijandarrekin neurtu dituzte indarrak.
Lehen seta 21-5 irabazi dute, eta aurkariak bigarren setean partidaren norabidea aldatzen saiatu diren arren, donostiarraren eta madrildarraren alde erori da berriro bigarren partziala, oraingoan 21-17.
D multzoan, Clara Azurmendik eta Bea Corralesek Serena Au Yeong eta Katharina Hochmeir austriarren aurka neurtuko dituzte indarrak bihar, asteartea, (12. txanda, 18:00etan gutxi gorabehera), eta multzoen fasea asteazkenean itxiko dute, 13. txandan (18:30 inguru), Debora Jille eta Cheryl Seinen herbeheretarren aurka.