Beste kirolak
Eskubaloia
Bera Berak Alba Menendez kapitaina eta Giuliana Gavilan berritu ditu
EITB MEDIA
Bi jokalariek urtebeterako berritu dute. Ondorioz, Imanol Alvarez entrenatzaileak bere esanetara ditu jada behar dituen 16 jokalariak. Denboraldiaurrea uztailaren 26an hasiko dute.
-
Alba Menendez eta Giuliana Gavilan. Argazkiak: Bera Bera.
Alba Menendez kapitainak eta Giuliana Gavilanek euren kontratuak berritu dituzte Bera Berarekin. Biek urtebeterako berritu dute. Bi kontratu luzapen hauekin, Imanol Alvarezek 16 jokalari ditu 23-24 denboraldiari aurre egiteko.
Horrela, Menendezek 15. denboraldia beteko du talde gipuzkoarrean. Kapitainak hasierako "gogo eta ilusio berberak" dituela azpimarratu du, "nahiz eta aurtengoa denboraldirik onena izan ez".
Denboraldiaurreko Celles sur Belleko azken lagunartekoan sudurrean izandako hausturaren eta ondoren izandako molestia txiki batzuen ondorioz, aurreko 14 denboraldietan baino partida gutxiago jokatu ditu -hernia diskaleko ebakuntza egin zioten urtea kenduta-. Hala ere, kapitainak udan erabat osatzea espero du.
Hurrengo denboraldiko helburuei dagokienez, Menendezek onartu du ez direla aldatzen eta "guztiagatik lehiatzeko" asmoa dutela. Egutegian "data batzuk gorriz markatuta" dituela onartu du: "Etxean jokatuko duten Erreginaren Kopa -2024ko maiatzaren 10tik 12ra-, eta klubaren helburu nagusia dena: Europa Ligako multzoen fasea, Europan presentzia finkoagoa izate aldera".
Gavilan: "Erronka handiak datoz"
Shula Gavilanek ere beste urtebetez Super Amara Bera Beran jarraitzea erabaki du, "egin dugun lanagatik eta klubaren lan egiteko eragatik; jokalari bakoitzari ematen dioten garrantziagatik, etxean bezala sentiarazten gaituztelako eta hori, urrun gaudenontzat, oso garrantzitsua delako". Azpimarratu duenez, kirol ibilbidea oso ona izan da, baina "hortaz haratago, nire erabakia klubaren giza alderdiak markatu du".
Argentinarrak badaki oso "erronka handiak" dituztela, eta uste du "plantillaren mailak helburuei eutsiko diela". Gavilanek "Europan igarotzeko" nahiarekin bat egin du, "tituluren bat errepikatzea, baita Liga irabaztea ere" nahi du argentinarrak. "Kirolak beti ematen dizu errebantxarako beta, hazten jarraitzea da helburua, eta aurten falta izan zaizkigun xehetasunak leuntzea".
Taldea, itxita
Bi jokalari horiek lotuta, Super Amara Bera Berak taldea itxi du jada: Silva eta Aalla, atezai; Etxeberria eta Erauskin, eskuin hegalean; Hernández eta Marie Louis – 2024ra arte sinatu zuen – ezkerrean; Gavilan eta Lyndie Tchaptchet, pibotean; Arrojeria eta Boada, central gisa eta Menédez, Loidi, Fernandes, Karsten, Arroyo eta Cavo, alboetan. Uztailaren 26an helduko diote denboraldiaurreari.