Beste kirolak
Omenaldia
Bidasoak Julen Aginagalderen kamiseta zintzilikatuko du Artalekun, larunbatean, horren azken partidan
EITB MEDIA
Aginagalderen elastikoa, 13 zenbakia duena, betiko izango da Artalekuko horman zintzilik. Gainera, ekimen solidario batek dirua bilduko du, Fernando Bolea Bidasoako jokalari eta entrenatzaile ohiari laguntzeko, eta Bidasoak kamiseta berezia jantziko du.
-
Julen Aginagalde, 13 zenbakia duen elastikoa soinean duela. Argazkia: CD Bidasoa.
Julen Aginagalderen Bidasoaren kamiseta, 13 zenbakia duena, Artalekuko horman betiko zintzilik geratuko da larunbatean, Irungo taldeak Angel Ximenez Puente Genil taldearen aurka jokatuko duen partida amaituta (ASOBAL Plenitude Ligako 30. eta azken jardunaldikoa izango da neurketa hori, Julen Aginagalderentzako azkena, jokalari gisa, eta 18:30ean hasiko da, ekainaren 3an), Bidasoak berak asteazkenean jakitera eman duenez. Gainera, ekimen solidario batek dirua bilduko du Fernando Bolea Bidasoako jokalari eta entrenatzaile ohiari laguntzeko (Bolea gaixorik dago), eta, testuinguru horretan, Bidasoako jokalariek elastiko berezia jantziko dute.
Aginagaldek, 40 urtekoa bera, jokalari gisa azken partida jokatuko du Angel Ximenez Puente Genilen kontra; elastikoa zintzilikatuz, Bidasoaren asmoa da "Euskal Herriko, Gipuzkoako eta Irungo klubeko eta hiriko kirolari arrakastatsuenetako bat aitortzea". Klubak zehaztu duenez, Aginagaldek, bere ibilbidean, beti izan ditu gogoan Bidasoa eta Irun, nazioarte mailan izan dituen lorpenetan.
Larunbateko norgehiagoka amaituta, denboraldi amaierako ohiko ekitaldia egingo dute, "lehen taldeari, babesle eta laguntzaileei, zaleei eta klubeko kide guztiei eskerrak emateko", eta klubean jarraituko ez duten bost jokalariei agur esateko (Julen Aginagalde, Jon Azkue, Ander Ugarte, Victor Rodriguez eta Mihajlo Mitic izango dira). Ekitaldi horren barruan zintzilikatuko dute kamiseta.
Neurketa horretan, Bidasoako jokalariek elastiko berezia jantziko dute; gainera, enkantean jarri dute kamiseta hori. Enkante horren xedea da Fernando Bolea Bidasoako jokalari eta entrenatzaile ohiari laguntzea; izan ere, Bolea gaixorik dago, gaixotasun degeneratibo batek jota.