Itxi

Beste kirolak

Golfa

Rahmek 71 kolpeko (+1) itzuliarekin eta +7ko azken emaitzarekin bukatu du PGA Txapelketa

Agentziak | EITB Media

Rahmek ostegunetik sufritu du. Igande honetan, Barrikako jokalaria indartsu hasi da, bogey batek -1era jaitsarazi duen arte. Beste bi egin ditu 17. zuloan eta 18.ean, bat parraren gainetik bukatzeko.

  • Jon Rahm

    Jon Rahm PGA Txapelketan. Argazkia: EFE

Jon Rahm golf jokalari bizkaitarrak amaiera eman dio igande honetan PGA Txapelketako parte hartzeari. Jardunaldian 71 kolpe (+1) eginda bukatu du Oak Hilleko ibilbidea, Rochesterren (New York), guztira 287 kolpeko emaitza lortuta (7 kolpe parretik gora).

Munduko lehen postuan dagoen jokalariak sufritu egin du ostegunetik. Gaizki hasi zen, 76 kolpe (+6) eginda, ostiralean hobeto aritu zen 68 kolpe (-2) behar izan baitzituen ibilbidea osatzeko, eta emaitza horrek lehiatzen jarraitzeko aukera eman zion, moztuta geratzeko zorian izan arren. Larunbatean, parretik gora bukatu zuen, 72 kolpeko txartela aurkeztuta, euriak baldintzatutako jardunaldian.

Igandean, Barrikako jokalaria indartsu hasi da, lehen eta bigarren zuloetan birdiea eginda, eta parretik behera 2 kolpe eginda (guztira, parretik gora 4 kolpera amaitu du). Gero, zazpi par kateatu ditu, 10.ean bogey batek parretik behera kolpe batera jarri duen arte. Beste bi gehiago egin ditu 17. eta 18. zuloetan, eta bat parretik gora bukatu du.

Brooks Koepka golflari estatubatuarrak irabazi du PGA Txapelketa, azken jardunaldian sendo jokatuta lidergoari eusteko, Scottie Scheffler estatubatuarraren eta Viktor Hovland norvegiarraren aurretik.