Itxi

Beste kirolak

Golfa

Jon Rahmek PGAko Txapelketan moztuta ez geratzea lortu du, bigarren jardunaldi ona eginda

EITB Media

Barrikakoak maila ona eskaini du bigarren jardunaldian, 68 kolpeko txartelarekin bukatuta, eta lehian jarraituko du asteburuan. Rahm sailkapen nagusiko lehen hiru postuetan berdinduta dauden jokalariekiko 9 kolpera dago.

  • Jon Rahm

    Jon Rahm, PGAko Txapelketan. Argazkia: EFE

Jon Rahm euskal golf jokalariak PGAko Txapelketan moztuta ez geratzea lortu du, ostiral honetan, maiatzaren 19an, eta lehian jarraituko du asteburuan denboraldiko bigarren major txapelketan.

Barrikakoak (Bizkaia) ez zion ondo ekin txapelketari: lehen egunean 75 kolperekin itxi zuen bere ibilbidea, maila kaskarra emanda. Hala, bizkaitarrak moztuta geratzeko arriskuarekin ekin zion bigarren jardunaldiari. Presiopean, Rahm ondo moldatu da bigarren egunean, maila ona eman du eta 68 kolpeko txartelarekin bukatu du, bi zelaiaren parearen azpitik.

Augustako Masterseko txapeldunak ondo ekin zion ostiralari, bigarren zuloan birdiea eginda. Gainera, hurrengo bederatzi zuloetan hobeto ibili zen, nahiz eta 12.ean bogeya egin zuen. Ondoren, hiru birdie jarraian lortu zituen. Rahmen bolada ona 16. zuloan moztu zen, beste bogey batekin. Ondorioz, lehen bi jardunaldien ostean, liderrengandik 9 kolpera dago.

Sailkapeneko lehen hirurak (Scheffler estatubatuarra, Corie Conners kanadarra eta Viktor Hovland norvegiarra) berdinduta daude, 135 kolperekin.