Itxi

Beste kirolak

TENISA

Nadalek ez du Roland Garros txapelketa jokatuko

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Nadalek lesioa du ezker hankako psoasen, eta ez du torneorik jokatu iragan urtarrilean Australiako Irekian lesionatu zenetik. Harrezkero, hasieran aurreikusita zuen txapelketa bakoitzari uko egin dio.

  • Rafa Nadal

    Rafa Nadal. Argazkia: EFE

Rafael Nadal tenislariak ostegun honetan iragarri du ez duela parte hartuko maiatzaren 22tik ekainaren 11ra bitartean jokatuko den Ronald Garros txapelketan.

"Australian egin nuen lesioaren bilakaera ez da nahiko nukeen bezala joan. Bidean helburuak galdu ditut, eta Roland Garros ezinezkoa da. Une honetan, ezin izango naiz Roland Garrosen egon. Txapelketa hori niretzat zer den ikusita, imajina dezakezue zein zaila den. Ez dut hurrengo hilabeteetarako jokatzen jarraitzeko asmorik", esan du Nadalek Manacorren duen Akademian.

Nadalek lesioa du ezker hankako psoasen, eta ez du torneorik jokatu iragan urtarrilean Australiako Irekian lesionatu zenetik. Harrezkero, hasieran aurreikusita zuen txapelketa bakoitzari uko egin dio.

Tenislari espainiarrak lau partida baino ez ditu jokatu 2023an. United Cup txapelketa jokatu zuen eta jokatu zituen bi partidak galdu zituen, Cameron Norrie britainiarraren eta Alex de Miñaur australiarraren aurka. Ondoren, Australiako Irekira joan zen eta bigarren kanporaketan galdu zuen, lesionatuta.

Nadalek galdu egin ditu Ameriketako Estatu Batuetako bira, Indian Wells eta Miamiko Mastersak eta lehorreko denboraldia, besteak beste, Montecarloko Mastersa, Bartzelonako Godoko Kondea txapelketa, Madrilgo Mastersa eta Erromakoa.

Gainera, Balear Uharteetako jokalariak esan du ez duela "hurrengo hilabeteetan jokatzeko asmorik", eta bere ibilbideari "puntu bat eta aparte" jarriko diola, gorputza "sendatzen saiatzeko". "Ez dut itzultzeko datarik jarriko, nire asmoa 2024a nire azken urtea izatea da", aitortu du.