Beste kirolak
Ligako finalerdiak
Bera Berak partidako azken jokaldian galdu du Elxen aurka (28-27), eta kanporaketa Donostian irauli beharko du
EITB MEDIA
Imanol Alvarezen jokalariak ia partida osoan izan dira atzetik markagailuan, baina, azken minutuetan, berdindu egin dute. Azken minutuan, Atticgo Elx taldea 27-26 jarri da, eta Bera Berak berriro ere berdindu du, baina etxekoek amaieran egin dute gol erabakigarria.
-
Bera Bera Donostian ahaleginduko da finalerako txartela eskuratzen. Argazkia: @BalonmaBeraBera.
Super Amara Bera Berak galdu egin du Elxen, 28-27, Atticgo Elxen aurka, Guerreras Iberdrola Ligako finalerdietako kanporaketaren lehen partidan, eta, hortaz, Donostian irauli beharko du, Josean Gascan. Finalean izateko, Bera Berak bi partida jarraian irabazi beharko dizkio Elxi, hilaren 19an eta 21ean (hurrengo ostiralean eta igandean).
Imanol Alvarezen jokalariek partidako azken jokaldian galdu dute. Bera Bera ia neurketa osoan izan da atzetik markagailuan, eta Elxek, bigarren zatian, zortzi goleko aldea ere izan dute (24-16); Donostiako taldea, baina, bikain suspertu da, minutu erabakigarrietan, eta 26nako berdinketa eta, azken minutuan, 27nakoa erdietsi du. Azken jokaldiak, azken segundoak zehaztu du garailea, baina; Elxek partidako azken jokaldian asmatu du, 28. gola egiteko, eta ez da luzapenik izan.
Elxek ia hasieratik hartu du aurrea. Lehen zatiaren erdian, 9-3koarekin, argi ematen zuen Bera Bera ez zebilela sendo. Donostiako taldea ez zen erasoan asmatzen ari, eta jokaldi askotan baloia galtzen zuen. Atsedenaldian, 16-11 zihoan partida, baina apur bat lehenago 15-8 izan dira, hau da, etxekoak zazpi goleko abantaila izan dute. Bigarren zatiko lehen minutuetan, gainera, Bera Berak ezin izan du egoerari buelta eman; Elx ondo ari zen, erasoan eta defentsan, eta 23-15ekoa eta 24-16koa jarri ditu Bera Beraren aurkariak. Oso zail zirudien partida irabazteko aukeraren bat izatea.
Azken minutuetan, nolanahi ere, emozio handia izan da. 2-8ko partziala lortuz, Bera Berak berdindu egin du, azken minutuaren atarikoan. Elxek gola egin du eta berriz ere jarri da aurretik, baina Gipuzkoako taldeak 27-27koa egin du, soilik segundo batzuk geratzen zirela. Tarte horretan, etxekoek, azken jaurtiketan, 28. gola sartu eta 1-0ekoa jarri dute kanporaketan. Bera Bera Gascan ahaleginduko da kanporaketa gainditzen, finalean izan ahal izateko.