Itxi

Beste kirolak

ESKUBALOIA

Bera Berak kanporaketa bideratuta utzi du Gijonen (21-31)

A. A. | EITB MEDIA

Donostiarrak oso nagusi izan dira lehia osoan zehar, eta 10 goleko errentarekin egingo diote datorren larunbatean jokatuko den itzuliko lehiari.

  • Gijon vs Bera Bera

    Gijon vs Bera Bera. Argazkia: Bera Bera

Super Amara Bera Berak garaipen argia lortu du ostiral honetan Motive.co Gijonen aurka, Iberdrola Ligako final-laurdenetako joaneko partidan (21-31).

Donostiarrek ezin hobeto ekin diote lehiari 0-4ko partzialarekin, Anne Erauskinek eta Cristina Oliveirak sartutako bina golekin, eta tarte hori oinarri izanik, aurretik izan dira partida osoan, nagusitasunez. Horren adierazle, besteak beste, hainbat aldiz bost goleko errenta izan dutela lehen zatian zehar, eta hala joan dira aldageletara (3-8, 8-13, 11-16 eta 12-17).

Luis Avelinok zuzendutako etxeko taldeak izan ditu susperralditxoak, eta errenta bi golera murriztea lortu dute tarteka, baina Imanol Alvarezenek aldea zabaltzea lortzen zuten berriz ere, asturiarrek gaizki eratutako kontraerasoengatik eta, batez ere, 7 metroetatik azaldutako zorroztasun gabeziagatik (bi penalti hutsegin dituzte lehen 30 minutuetan; bisitariek, aldiz, kontrakoa, bitik bi asmatu).

Ondorioz, Bera Bera bost goleko errentarekin eta sentsazio onekin joan da atsedenaldira, eta, handik bueltan markagailuko aldea areagotu egin da apurka-apurka, zortzi golekoa izateraino (14-22, 35. minutua). Alde hori hainbat aldiz errepikatu da bigarren zati osoan zehar (15-23, 16-24, 17-25, 18-26, 19-27, 20-28, 21-29), baina azken minutuetan donostiarrek euren irabazteko sena azaldu dute berriro, eta zuloa 10ekoa izatea lortu dute (21-31, 59. Minutua), eta emaitza horrekin amaitu da lehia.

Horrenbestez, Imanol Alvarezen neskek datorren larunbatean, maiatzaren 6an, (18:00) jokatuko den itzuliko norgehiagokari kanporaketa guztiz bideratuta dutela helduko diote.

Fitxa teknikoa:

Motive.co Gijón 21 (12+9): Alonso, Valdivia (1p), Zarco (1), Cacheda, Palomo, Novovic (2) eta González  (2) –hasierako zazpikoa– Faria, Vallina (1p), De Andrés (2), Arroyo (6), Laguna (3), Torreira (2), Chiagozie (1, penatiz) eta Fernandes (ordezko atezaina)).

Super Amara Bera Bera 31 (17+14): Aalla, Erauskin (4), Arcos (4, 2 penaltiz), Gavilán (1), Fernandes (5) eta Hernández (2), –hasierako zazpikoa– Boada (5), Arrojeria (3), Louis (2), Etxeberria (2), Polonio (2), Cavo (1), Menéndez, Loidi eta Silva (ordezko atezaina).