Itxi

Beste kirolak

HARRI-JASOTZAILEAK

Ergobia eta Etxauri, 'Harri Herri' saioko txapeldunak

B. L. G. | EITB MEDIA

Bi txapeldunak denbora gutxiagorekin heldu dira harri baldarretara, baina Karmele Gisasolak eta Jokin Eizmendik lan bikaina egin dute txapela bereganatzeko.

1:23
Etxauri

Ergobiak eta Etxaurik eskuratu dute "Harri Herri" saioko txapela. Emakumezkoen zein gizonezkoen finalak estuak izan dira. Harri landuekin egindako lanak amaituta, denbora parekatuak izan dira, eta nahiz eta Ergobiak eta Etxaurik denbora gutxiagorekin abiatu duten azken lana, Karmele Gisasolaren eta Jokin Eizmendiren jardun onak txapela eman die Zelai II.aren (Ergobia) eta Ostolazaren (Etxauri) taldeei.  

Emakumezkoen finalean, Zelai II.aren Ergobia taldea (Karmele Gisasola, Lierni Osa eta Garazi Arruti) eta Izeta II.aren Mollarri taldeak (Lur Errekondo, Maddi Gesalaga eta Nerea Arruti) neurtu dituzte indarrak.

Harri landuen lehia parekatua izan da. 88 kiloko koadroarekin, Karmele Gisasolak (10 jasoaldi) Lur Errekondok (9 jasoaldi) baino altxaldi bat gehiago egin du. Errekondo 10. altxaldia lortzeko puntuan egon den arren, ezin izan du sorbaldara eraman. Lierni Osak eta Maddi Gesalagak hartu dute zilindroarekin aritzeko ardura, eta Ergobikoa nabarmen gailendu da 30 jasoaldi eginda, Mollarrikoak baino 7 gehiago (23). Azken harri landuarekin, Garazi Arruti eta Nerea Arruti aritu dira. Aurreko lanean Ergobiak abantaila lortu badu ere, Nerea Arrutik egindako saio ikusgarriak azken lanerako denbora Mollarriren alde jartzea lortu du. Urnietarrak 20 aldiz berdindu du bola sorbaldan; bilbotarrak, berriz, 12 aldiz.

Gauzak horrela, Ergobiak 02:57ko denbora bildu du harri baldarrari heltzeko, eta Mollarrik 03:14koa. Finalean, ordea, antolatzaileek minutu bat gehiago eman diote talde bakoitzari. Karmele Gisasola eta Lur Errekondo izan dira aurrez aurre Herrirekin lanean aritzeko. Gisasolak 13 aldiz jaso du harri baldarra; Errekondok ezin izan du 11 aldiz baino gehiago jaso. Ondorioz, Zelai II.a kapitain duen Ergobiak irabazi du txapela.

Gizonezkoetan, bestalde, Ostolazaren Etxauri (Jokin Eizmendi, Aimar Galarraga, Imanol Royo eta Jokin Eizmendi, Paulo Azpiazuren ordez) eta Telleriaren Albizuri (Aimar Irigoien, Hodei Iruretagoiena, Beñat Telleria eta Andoni Iruretagoiena) izan dira parez pare.

Ostolazak irabazi du zozketa, eta denborak banatzeko garaian, estrategiaz, aurreko kanporaketetako denborak guztiz aldatu ditu, eta Eizmendiren gaitasuna eta sasoi ona baliatuta, 4 minutu eman dizkio koadroari, 3 minutu kubikoari Hodei Iruretagoienaren espezialitateari denbora kenduz, zilindroari minutu bat eman dio eta bolari, 2 minutu.

Denboren aldaketek lehen bi lanaldietan, Ostolazaren usteak berretsi dituzte. Jokin Eizmendik 11 aldiz eraman du kolkora 200 kiloko koadroa; Irigoienek, berriz, 8 aldiz (9. jasoaldia egitea lortu du, baina epaileak baliogabetzat jo du). Aimar Galarragak eta Izeta IV.ak kubikoarekin egin dute lan. Jakina da Hodei Iruretagoienak harri horrekin duen gaitasuna, eta 14 jasoaldi egin dizkio; Aimar Galarragak, kontrara, 10 aldiz jaso du harria.

Zilindroarekin, Imanol Royo eta Beñat Telleria aritu dira, eta lan ona egin dute biek ala biek. Telleriak 15 aldiz altxatu du kopa; Lartainek, bestalde, 12 aldiz. Azken harri landuari heldu diote orduan Gorka Etxeberriak eta Andoni Iruretagoienak. Bi lehiakideek 18 jasoaldi egin dituzte lehia bizian.

Hortaz, antolatzaileek emandako minutua kontuan izan gabe, Etxaurik 02:24ko denbora batu du; Albizurik 02:34koa. Ostolazak, kanporaketan egin zuen bezala, Jokin Eizmendi jarri du harri baldarrarekin lanean. Telleriak, bestalde, kanporaketan ordezkotzat hautatu zuen Beñat Telleria hautatu du. Eizmendik, harri ezaguna zuela, 14 aldiz eraman du sorbalda gainera; Telleriak, ordea, lehen aldiz egin du lan Harrirekin, eta gogotsu bazegoen ere, ez da iritsi Etxaurikoak egin duen marka berdintzera, 10 altxaldirekin amaitu baitu. Ostolaza kapitain duen taldearen garaipena heldu da horrela.

FITXA TEKNIKOA:

EMAKUMEZKOAK
         
   KOADROA
ZILINDROA
BOLA
DENBORA (+01:00)
         
 ERGOBIA  10  30  12 02:57
 MOLLARRI  9  23  20 03:14
         
HARRI BALDARRA
         JASOALDIAK
         
ERGOBIA        13
MOLLARRI        11

Puntuazioa: KOADROA (5 segundo jasoaldiko), ZILINDROA (4 segundo jasoaldiko) eta BOLA (2 segundo jasoaldiko).

 

GIZONEZKOAK
           
   KOADROA   
 KUBIKOA
 KOPA 
BOLA 
DENBORA (+01:00)
           
           
 ETXAURI  11  10 12  18 02:24
ALBIZURI  8  14 15  18 02:34
           
HARRI BALDARRA
           JASOALDIAK
           
ETXAURI          14
ALBIZURI          10

 

Puntuazioa: KOADROA (4 segundo jasoaldiko), KUBIKOA (4 segundo jasoaldiko), KOPA (2 segundo jasoaldiko) eta BOLA (2 segundo jasoaldiko).