Itxi

Beste kirolak

GOLFA

Rahmek munduko lehen postuari eutsi dio, nahiz eta kaskar aritu den Arnold Palmer Invitational txapelketan

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Barrikako golflariak 39. tokian bukatu du torneoa, baina Kitayama estatubatuarrak McIlroyri irabazi izanak munduko sailkapeneko buruan jarraitzeko balio izan dio bizkaitarrari.

  • Jon Rahm Arnold Palmer Invitational torneoko azken jardunaldian

    Jon Rahm Arnold Palmer Invitational torneoko azken jardunaldian. Argazkia: EFE

Kurt Kitayama golf-jokalari estatubatuarrak bereganatu du igandean amaitu den Arnold Palmer Invitational txapelketa, Orlandon (Florida, AEB), Rory McIlroy iparrirlandarraren ahalegina ezerezean utzita. Hala, Kitayamak PGA Tourreko lehen garaipena erdietsi du.

Nahikoa izan zaio azken jardunaldia parrean amaitzearekin (parraren azpitik 9 kolpe eginda bukatu du txapelketa) ostiralean eskuratu zuen lidergoari azkeneraino eusteko. Haren atzetik kolpe bakarrera sailkatu dira McIlroy (-2 igandean, -8 guztira) eta Harris English estatubatuarra (-2 azken egunean, -8 guztira).

Kitayamaren garaipenak mesede egin dio Jon Rahm bizkaitarrari, munduko lehen sailkatuari, McIlroyren kaltetan. Izan ere, aste honetan sailkapeneko hirugarren postuan zegoen iparrirlandarrak torneoa irabazi izan balu, munduko sailkapeneko burua berreskuratuko zukeen.

Denboraldi hasiera bikaina egin eta hiru garaipen lortu ostean, Rahm ez da fin ibili Orlandon, nahiz eta bikain ekin zion lehiari (65 kolpe eta -7 lehen egunean), baina, gerora, erabat galduta ibili zen bigarren eta hirugarren jardunaldietan (76 kolpe egun bietan). Bizkaitarrak parrean itxi du jarduna (72 kolpe), eta parraz gainetik kolpe batekin amaitu du txapelketa, 39. postuan, irabazleak baino 10 kolpe gehiago eginda.

Horrenbestez, Rahmek zerrendaburu izaten jarraitzen du munduko sailkapenean (batez beste 9,5 puntu), eta haren ondoren daude Scottie Scheffler (9,18) eta McIlroy (9,04).