Beste kirolak
EUROPAKO LIGA
Bidasoak 29-26 irabazi dio Skanderborgi, eta Sportingen aurka jokatuko du final-zortzirenetan
B. L. G. | EITB MEDIA
Bidasoak irabazi egin du Artalekun, eta C multzoko bigarren sailkatuaren aurka jokatuko du, Lisboako Sportingen aurka.
-
Bidasoako jokalariak garaipena ospatzen. EITB Mediako bideo batetik hartutako irudia
Bidasoak 29 eta 26 irabazi dio Skanderborg taldeari, eta multzoko hirugarren postua ziurtatu du. Hasieratik agintzen hasi dira Irungoak, Danimarkako taldeak une batzuetan estutu baditu ere, eta Cuetarak zuzendutako mutilek partidari eustea lortu dute.
Bidasoak bikain ekin dio multzoen faseko azken partidari. Erasoari ekin diote, eta, Jakuben geldiketek lagunduta, etxekoak 4-0 aurreratu dira bost minutuan. Erritmo handia eman diote hasieran, eta erasoan fin ibili dira Jacobo Cuetararen mutilak. Erritmoa piska bat jaitsi badute ere, 10. minutua bete baino lehen 6-1 jarri dira horiak, eta Nick Rasmussenek hutsartea eskatu behar izan du egoerari buelta emateko.
Hurrengo bi golak Danimarkako taldearen aldekoak izan dira. Hortik aurrera, gehiago tartekatu dira golak. Hala ere, nahiz eta gol segida handirik ez lortu, etxekoek ez dute aldea galdu, eta 11-6 aurretik zirela bete da 20. minutua. Atsedenaldira arte, berdin ibili dira, eta 16-12ko emaitzarekin heldu dira atsedenaldira. Kanpoko taldeak aldea laburtzea lortu du, baina etxekoak defentsan oso ondo ibili dira, eta erasoan ere txukun aritu dira, Julen Aginagalde gidari zutela.
Skanderborg talde handia da, eta atsedenaldiaren ostean erakutsi du: hamar minutuan partida berdindu du. Jacobo Cuetarak hutsartea eskatu du kanpokoen dinamika ona apurtzen ahalegintzeko, baina jokatzen hasi eta berdinketa eskuratu dute bisitariek (18-18). Berdinketarekin, Julen Aginagalde agertu da berriz, eta taldea suspertu egin da. Berriro jarri da martxan erasoko makina, eta 23-19 jarri dira, partida amaitzeko hamar minutu eskas falta zirela.
Amaiera heldu baino 5 minutu lehenago, Bidasoak 5 goleko abantaila zuen, eta Skanderborg aldea txikitzen saiatu da, baina etxekoek presioari heldu diote, eta 29-25ko emaitzarekin amaitu da partida. Ondorioz, Bidasoak hirugarren postua ziurtatu du.
Lisboako Sporting, final-zortzirenetako arerioa
C multzoko lehen bi sailkatuen partidari begira amaitu da Artalekuko norgehiagoka; izan ere, bi taldeak sailkapenean berdinduta zeuden, eta Bidasoak multzoko bigarrenaren aurka neurtu behar zituen indarrak. Gauzak horrela, Sportingek 28-33 galdu du Nexeren aurka, eta bigarren postuan geratu da. Hortaz, martxoaren 21ean, Artalekun jokatuko den final-zortzirenetako partidan, Sporting izango da gipuzkoarren aurkaria.