Itxi

Beste kirolak

EHFEL

Bidasoak galdu egin du Motorren aurka (33-31), baina final-zortzirenetarako sailkatu da

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Jacobo Cuetararen mutilek final-zortzirenetarako txartela lortu dute Eurofarm eta Aguas Santas taldeek Fuchse eta Skadenborg taldeen aurka galdu ostean.

  • Pedro Souza

    Pedro Souza Bidasoaren erasoko jokaldi batean. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia

Bidasoa Irunek berriro galdu du etxetik kanpo multzoko azken postuan zegoen Motor Zaporizhiaren aurka, baina Europako Ligako final-zortzirenetan sartu da matematikoki, Aguas Santas eta Eurofarm taldeek porrot egin baitute.

Euskal taldea markagailuan atzetik joan zen partida osoan, nahiz eta tarteka berdinketak eta abantaila txikiak lortu, defentsan ia desagertuta egon ziren Cuetararenak, eta Zaporizhiako jaurtitzaileek gola egiten asmatzen zuten.

Desabantaila ez zen kezkagarria, baina bai Bidasoa defentsan ematen ari zen itxura, atezain aldaketak, Jakub poloniarra atean jarrita, ez zuen egoera hobetu, eta Rodrigo Salinasek bozinaren gainean sartutako golak kaltea txikitu besterik ez zuen egin, atsedenaldira markagailua parekatuta zegoela heltzeko (16-16).

Bidasoak hobera egin zuen bigarren zatian, Dariel Garcia kubatarrarekin defentsa aurreratuz, Mehdi tunisiarrak ekarpena egin zuen eta Caverok hartu zuen golegile papera, amore ematen ez zuen Motor baten aurka arnasa hartzeko.

Egonkortasuna ez da Bidasoaren indargunea, erasoko hutsegiteak eta defentsan egindako opariak kateatu baitzituen. Ukrainarrek ez zioten aukerari alde egiten utzi, eta Turchenko triskantza egiten hasi zenean, lau puntuko errenta lortu zuten.

Jacobo Cuetararen taldeak azken aukera bat izan zuen azken hamabost segundoetan gol batera jarrita (32-31) eta aurkariak baloiaren jabetza zuela, baina Turchenko agertu zen berriro Bidasoa Irunen ilusioak zapuzteko.

 

Fitxa teknikoa:

33.- Motor Zaporiyia: Komok (Chodinov), Kubatko (1), Carlos Molina, Tiutiunnyk (4), Kravtxenko (1 pen.), Kasai (3), Blyzniuk (2), Denysov (3), Horiha (5), Turchenko (13, 3 pen.), Komok, Tomashevskyi (1), Osadchyi, Onufriienko.

31.- Bidasoa Irun: Medhi (Jakub), Zabala (1), Asier Nieto (4), Azkue, Mitic, Cavero (9, 4 pen.), Aginagalde (2), Ugarte, Matheus da Silva, Víctor Rodríguez (2), Pacheco (1), Rodrigo Salinas (7), Dariel García (4), Furundarena, Gorka Nieto (1).

Epaileak: Piechota eta Leszczynski (Polonia). Matheus da Silva deskalifikatu zuten hiru aldiz egotzita, eta Tomashevskyi, Kubatko, Kravchenko, Carlos Molina, Turchenko eta Dariel García ere kanporatu zituzten.

Markagailuak bost minutuan behin: 2-3; 6-5; 9-9; 11-10; 14-12; 16-16 (atsedenaldia); 18-20; 21-21; 24-24; 27-27; 31-28; 33-31.