Itxi

Beste kirolak

TENISA

Novak Djokovicek Steffi Grafen marka berdindu du 377 astez munduko rankingeko lehen postuan egon ostean

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Aste hau serbiarraren 377.a izango da munduko rankingeko lider gisa, eta hurrengoan, alemaniarraren errekorra gaindituko du.

  • Djokovic

    Djokovic Australiako Irekian. Artxiboko irudia: EFE

Novak Djokovic tenislari serbiarrak astelehen honetan hasi du bere 377. astea ATP munduko rankingaren buruan, Steffi Graf alemaniarrak ezarritako marka berdinduz.

Balkaniarrak Grand Slameko 22 garaikur irabazi ditu, Rafa Nadal espainiarrak adina eta beste inork baino gehiago, eta ATP rankingeko buru aste gehien izan den gizonezkoa da aspalditik.

Roger Federer suitzarra da 1973an sortu zen sailkapen historikoan gertuen duen aurkaria. Gaur egun erretiratuta dago eta 310 aste eman zituen munduko lehen postuan. Podiuma Pete Sampras estatubatuarrak (286) ixten du.

Orain, Djokovicek Steffi Graf alemaniarra ere berdindu du, 377 astez WTA rankingean agintzera iritsi baitzen (1975ean abiatu zen). Graf bigarren sailkatua baino 45 aste gehiago egon zen sailkapenaren goialdean, Martina Navratilova txekiarra (332), eta Serena Williams estatubatuarra hirugarrena da (319).