Itxi

Beste kirolak

ESKUBALOIA

Bidasoak hurrengo faserako sailkapena bideratu nahi du Aguas Santas Milanezaren aurka, Portugalen

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Portugalgo taldea garaitzen badu (Bidasoaren taldeko azken postuan dago Aguas Santas Milaneza), Bidasoak Europako Ligako hurrengo fasera pasatzeko aukera gehiago izango ditu. Zuzenean ikusi ahalko da, eitb.eus-en eta ETB4n, 20:45ean.

  • Bidasoa Irun.

    Bidasoa Irun. Argazkia: EITB MEDIA

Munduko Txapelketa amaituta, Bidasoa Irunek ondo ekin dio lehiari berriro, ostiralean Asobal ligako partida irabazita. Orain, asteartean, Portugalgo Aguas Santas Milaneza sailkapeneko azken taldearen etxean irabazten badu, Europako Ligako hurrengo fasera sailkatzeko aukera gehiago izango ditu. Neurketa 20:45ean hasiko da, eta zuzenean izango da ikusgai eitb.eus-en eta ETB4n.

Gipuzkoarrak multzoko hirugarrenak dira; Skanderbor Aarhus bigarren sailkatuak baino puntu bat gutxiago dute, eta Motor Ukrainako taldea (gaur egun hurrengo fasetik kanpo geratuko litzatekeen lehen taldea), lau puntura.

Jacobo Cuetararen gizonek irudi bikaina eman dute Europan, eta Vigotik ordubetera dagoen pabiloi batean jokatuko dute asteartean; beraz, jokalari horiek sei egun emango dituzte etxetik kanpo, ostiralean Galizian (Cangasen, hain zuzen ere) jokatuko baitute Ligako hurrengo partida.

Portugalgo partida Bidasoari multzoen fasea amaitzeko geratzen zaizkion lau partidetatik eskuragarriena izan liteke. Lehen itzulian 35-26 irabazi zion Aguas Santasi Irunen, eta Motor, Skanderborg eta Fusche Berlin (Alemaniako Bundesligako liderra) izango ditu ondoren aurkari.

Cuetarak baja garrantzitsu bat du partidu horretarako, Asier Nieto hegalekoarena; sorbaldan min hartu ondoren, txapelketatik kanpo gera liteke zenbait jardunalditan. Irundarrek, baina, Rodrigo Salinasen itzulerarekin beteko dute hutsune hori.