Beste kirolak
MENDI LASTERKETA
Oihana Kortazarrek marka berria ezarri du Teide mendatera igo eta jaisten
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ia 20 minutuan ondu du Ragna Debats herbeheretarraren aurreko marka, 6 ordu, 41 minutu eta 18 segundoko denbora egin ostean.
-
Oihana Kortazar. Argazkia: Artxiboko argazkia.
Oihana Kortazar atleta gipuzkoarrak Teide (Tenerife) mendatearen igoera eta jaitsiera errekorra hautsi du 6 ordu, 41 minutu eta 18 segundoko denborarekin, Ragna Debats herbeheretarraren aurreko marka baino hogei bat minutu azkarrago.
"Dena eman dut eta amaierara arte saiatu naiz, erronka hau ez zelako nirea bakarrik, atzean talde bat zegoen eta estutu egin behar nuen", azaldu zuen Kortazarrek balentria lortu ondoren.
Proban zehar 54 kilometroko ibilbidea bete behar izan zuen, El Socorro hondartzatik (Los Realejos) abiatuta, eta Tenerifeko sumendiak neurtzen dituen 3.718 metroetara igo eta handik jaisteko.
4:17:13ko denborarekin iritsi zen Teideko gailurrera, eta, atsedenaldi labur baten ondoren, jaitsierari ekin zion korrikalari gipuzkoarrak, 2:24:05 geroago irteera gunera itzultzeko, "asko sufritu" ostean.
Kortazarrek 3.928 metroko desnibel positiboari egin behar izan zion aurre, baita orkatilako zenbait bihurdurari ere. "Ezingo nuela amaitu pentsatu dut, bihurdura handia izan delako, baina normalean halako bihurdurak egiten ditudanean, aurrera egiten jarraitzen dut metro batzuk, berotu dadin, eta bukatzeko gai izan ohi naiz. Egia esan, erronka arriskuan ikusi dut", adierazi zuen.
Horrenbestez, Ragna Debatsek 2021ean (7:01:49), Emelie Forsbergek 2017an (7:06:06:) eta Teresa Nimesek 2014an (8:25:38) ezarritako errekorrak gainditu ditu elgetarrak.