Beste kirolak
TENISA (AUSTRALIAKO IREKIA)
Djokovic-Paul eta Sabalenka-Linette, Australiako Irekiko bigarren finalerdiak
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gizonezkoetan, Djokovic serbiarrak Rublev garaitu du eta Paul estatubatuarrak Ben Shelton. Emakumezkoen aldetik, Linettek Karolina Pliskova txekiarrari irabazi dio eta Sabalenkak Donna Vekic gainditu du.
-
Novak Djokovic. Argazkia: EFE
Novak Djokovic tenislari serbiarrak eta Tommy Paul estatubatuarrak, gizonezkoetan, eta Aryna Sabalenka bielorrusiarrak eta Magda Linette poloniarrak, emakumezkoetan, osatu dituzte Australiako Irekiko bigarren finalerdiak.
Lehiaketak aurrera egin ahala, ematen du Australiako txapelketan bederatzi aldiz garaipena lortutako tenislaria gora egiten ari dela, eta aurreko txandan Alex de Miñaur australiarra erraz mendean hartu ondoren, antzekoa egin du final-laurdenetako neurketan, Andrey Rublev bosgarren zerrendaburuaren aurka (6-1, 6-2, 6-4) bi ordu pasatxoan.
Txapelketa handi batean jokatuko duen 44. finalerdian, eta Melbourne Parken bere hamargarren finala jokatzeko bidean, "Nole"k Tommy Paul estatubatuarra izango du aurkari. Paulek Ben Shelton herrikidea kanporatu du lau setetan, 7-6 (6), 6-3, 5-7 eta 6-4ko emaitzarekin.
Tommy Paul. Argazkia: EFE
LINETTEK BERE AMETSAREKIN JARRAITZEN DU
Bestalde, emakumezkoen atalean, Magda Linette poloniarrak ezustekoa ematen jarraitzen du. Munduko sailkapeneko 45. postuan sailkatuta dagoenak Grand Slam bateko bere lehen titulutik bi urratsera gelditu da. Bere ibilbidean zehar, orain arte ez du sekula hirugarren txandako kanporaketa gainditzerik izan.
Magda Linette. Argazkia: EFE
Linettek Iga Swiatek bere herrikiderentzat gordeta zegoen protagonismoa hartu du; izan ere, munduko lehen sailkatuak final-zortzirenetan esan behar izan zion agur txapelketari. Horrenbestez, Linettek Melbournen egiten ari den jardun onari eutsi dio, eta Karolina Pliskova txekiarrari gailendu zaio (6-3, 7-5).
Aryna Sabalenka bielorrusiarra izango du aurrez aurre, emakumezkoen sailkapenean bizirik geratzen den serie-buru altuena (bosgarrena). Sabalenka lehen aldiz heldu da Australiako Irekiko finalerdietara, eta Donna Vekic kroaziarrari nagusitasunez irabazita (6-3, 6-2).
Sabalenkak espero du hurrengo kanporaketan finalerdiekin duen madarikazioa haustea eta Grand Slameko bere lehen finala jokatu ahal izatea, 2021ean eta 2022an Estatu Batuetako Irekian eta 2021ean Wimbledonen finalaren atarian galdu ostean.
Aryna Sabalenka. Argazkia: EFE